Udalak azoka plazako lanak berriro aterako ditu lizitaziora

Ane Olaizola 2024ko ots. 1a, 15:22

Udalak azaroan atera zuen lehiaketara azoka plaza eraberritzeko lanak, baina hutsik geratu da. Proiektura bideratzeko 100.000 euroko kreditu aldaketa eginda, aurrekontu handiagoa izango du bigarren lizitazioak.

Azkoitiko Udalak joan den azaroan atera zuen lehiaketara azoka plaza eraberritzeko lanak, 524.990 euroko (BEZ barne) oinarrizko aurrekontuarekin, azpiegitura hori "gune erakargarriagoa, erosoagoa eta irisgarriagoa" egiteko asmoz. Udalak, ordea, jakinarazi du enpresa bakarra aurkeztu dela eskaintzara, eta hark ez dituela "eskakizun teknikoak betetzen"; horrenbestez, hutsik geratu da lizitazioa, eta udalak pleguak egokitu ondoren, berriz aterako ditu lan horiek lizitaziora.

Aurrekoak baino 100.000 euro gehiago izango du udalak bigarrenez atera duen lizitazioaren aurrekontuak, atzo, urtarrileko osoko bilkuran, udalak kopuru bereko kreditu aldaketa bat egitea onartu eta gero. Ana Azkoitia alkatearen arabera, "premiazko eta urgentziazko aldaketa" izan da kreditu aldaketa bidez gauzatu dutena. Izan ere, Europako Next Generation funtsen bidez finantzatutako obra izango da azoka plazarena, eta hark "baldintza oso zorrotzak eta zurrunak" eskatzen ditu diru laguntzak emateko.

Azoka plaza eraberritzeko obren aurrekontua igotzeko, udalak aurtengo udal aurrekontuetan txertatuta duen Alde Zaharra biziberritzeko partidari 100.000 euro kendu kendu dizkiote, konpromiso batekin: "Gerakina kalkulatzen dugunean, martxoa inguruan, handik 100.000 euro jarriko ditugu berriz Alde Zaharreko proiektura. Modu horretara, lehenbailehen jarri ahal izango dugu azoka plazaren lizitazioa martxan". Aho batez onartu du udalak kreditu aldaketa.

Eraberritzeak hainbat lan aurreikusten ditu: batetik, sabaiko fibrozementuzko plakak kendu eta egurrezko egitura duen estalkia jarriko dute. Bestetik, kanpoko ate metalikoen pisu handia dela eta, erdi irekita egoten dira, aire korrontea sortuz. Horri irtenbidea emateko, lau sarrera nagusietan gidaridun ate automatikoak jarriko lirateke eta barne atondoak eraikiko lirateke. Ateez gain, instalazio elektrikoak eta luminariak berrituko lirateke LED argiteria jarrita, eta pintaketa lanak ere burutuko lirateke. Irisgarritasunari dagokionez, Ibaiondo kaletik sartzerako arrapalak jartzea da asmoa.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide