Azoka plazaren eraberritze lanak lizitaziora atera ditu udalak

Iraia Oteiza 2023ko aza. 2a, 13:30
Azoka plaza. (Azkoitiko Udala)

Udalak 524.990,13 euroko (BEZ barne) oinarrizko aurrekontuarekin atera ditu eraberritze lanak lizitaziora. Proposamenak aurkezteko epea azaroaren 27an amaituko da.

Azkoitiko Udalak lizitaziora atera ditu azoka plazaren eraberritze lanak, 524.990,13 euroko (BEZ barne) oinarrizko aurrekontuarekin. Udalak jakinarazi duenez, eraberritze lanen bidez, azoka gune erakargarriagoa, erosoagoa eta irisgarriagoa bihurtu asmoa du.

Eraberritzeak hainbat lan hartuko lituzke bere baitan: batetik, sabaiko fibrozementuzko plakak kendu eta egurrezko egitura duen estalkia jarriko litzateke. Bestetik, kanpoko ate metalikoen pisu handia dela eta, erdi irekita egoten dira, aire korrontea sortuz. Horri irtenbidea emateko, lau sarrera nagusietan gidaridun ate automatikoak jarriko lirateke eta barne atondoak eraikiko lirateke. Ateez gain, instalazio elektrikoak eta luminariak berrituko lirateke LED argiteria jarrita, eta pintaketa lanak ere burutuko lirateke. Irisgarritasunari dagokionez, Ibaiondo kaletik sartzerako arrapalak jartzea da asmoa.

Udalaren aurreikuspenen arabera, eraberritze lanen epea, behin  hasita, lau hilabetekoa izango litzateke. Kontratua Europar Batasunak, Next Generation EU funtsen bidez finantzatutako Berreskuratze, Eraldaketa Eta Erresilientzia Planaren barruan sartzen da. Europar funtsetatik udalak 1.362.949,60 euroko diru laguntza jaso du merkataritza eta azoka biziberritzeko. Laguntzaren zati bat azokako obrak burutzeko erabiliko duela jakinarazi du udalak.

Lizitaziora proposamenak aurkezteko epea azaroaren 27ra arte egongo da zabalik.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide