Dozenatik gora ekintza eta ikuskizun antolatu dituzte udalak eta Herrixenek Gabonetarako

Maialen Etxaniz 2023ko abe. 11a, 17:48
Azkoitiko Udaleko eta Herrixeneko ordezkariak, Gabonetako agendaren aurkezpenean. (Azkoitiko Udala)

Igandean, hilaren 17an, Herriko Artisau Azoka egingo dute aurrenekoz. Musika emanaldiak eta ikuskizunak ere izango dira datozen asteetan. Adin guztietako herritarrei zuzendutako ekintzak antolatu nahi izan dituzte udalak eta Herrixenek aurten. 

Joan zen astean eman zuen Azkoitiko Udalak Gazteria Sailak Gabonetarako antolatutako ekintzen berri. Gaur, berriz, udalak eta Herrixen merkatari elkarteak elkarrekin Gabonetarako antolatutako egitaraua aurkeztu dute. Musika eta ikuskizunak izango dira nagusi abenduan zehar Azkoitian. Dena den, adin guztietako herritarrei zuzendutako bestelako jarduerak ere izango dira, dozenatik gora ekintza antolatu baitituzte datozen egun eta asteetarako. 

Golden Apple Quartet taldeak irekiko du egitaraua larunbatean, abenduaren 16an, Baztartxo antzokian eskainiko duen emanaldiarekin. Igandean, hilaren 17an, Foreaga ikastetxearen XXXII. Gabon Kanten emanaldia izango da Baztartxon bertan, 12:00etan hasita. Musika proposamenaren barruan, Benta Zaharreko Mutiko Alaiak taldeak herriko kaleak girotuko ditu hilaren 22an. Abenduaren 23an, berriz, Gabon kanten kontzertua eskainiko dute musika bandak eta Iraurgi abesbatzak Kontzejupean, 12:30ean. Horrez gain, Goiko Gelak Elvis Gospel musika ikuskizuna aurkeztuko du abenduaren 30ean Baztartxon. Egun berean Big Dancers ikuskizuna eskainiko dute herriko kaleetan zehar, 18:00etatik 19:00etara. 

Abenduaren 17an, igandean, Herriko Artisau Azoka egingo dute aurrenekoz herriko plazan, 11:00etan hasita eta 14:00ak bitarte. Egurrezko jostailuak, birziklatutako oihalez egindako poltsak eta hainbat teknika erabiliz ekoiztutako hamaika produktu eskuratu ahalko dira azokan. 

Erakusketa berezia ere irekiko dute Portaleburun. Abenduaren 26tik urtarrilaren 8ra, Azkoitia 700 urte erakusketa ikusteko aukera izango da. Migel Zubizarretak ondu du erakusketa. 

Gabonetako ohiko ekintzak ere ez dira faltako. Urtarrilaren 5ean errege magoen pajeak eskutitzak jasotzen egongo dira eliza atarian, 16:30etik aurrera. 19:30ean hasita, berriz, erregeen kabalkada egingo dute. 

Urteko Kirolaria eta merkatarien aitortza

Abenduko egitarauaren barruan, hilaren 22an, Urteko Kirolari Onenaren Sari banaketa ekitaldia egingo dute udaletxean 19:30ean hasita. Aurten, estrainekoz, kirol egokituaren kategoria txertatu du udalak sariketan, "inklusioaren alde urrats bat gehiago emateko".

Hilaren 23an, 13:30ean, herriko merkatariei aitortza eta eskertza ekitaldia eskainiko dizkie udalak. Udaletxean izango da ekitaldia, eta bertan banatuko dituzte Herrixenek zozkatutako saskiak. 

Ana Azkoitia alkatearen hitzetan, aurtengo egitarauarekin adin guztietako herritarrengana iritsi nahi izan dute; "Helburua da prestatu dugun eskaintza musikal eta eszenikoaren harira, bakoitzak bere tokia bilatzea aisialdiaz gozatzeko. Urte sasoi berezia da, eta herritarrak parte hartzera eta ondo pasatzera animatu nahi ditugu".

Hona hemen egitaraua, osorik: 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide