Askotariko ikuskizunak, tailerrak eta ekintzak antolatu ditu Gazteria Sailak Gabonetarako

Maialen Etxaniz 2023ko abe. 4a, 17:42

Haurrei zuzendutako ikuskizunak, umeentzako zein gaztetxoentzako ikastaroak eta hainbat jolas parke antolatu dituzte datozen asteetarako. Gabon parkea hilaren 27an irekiko dute, goizez zein arratsaldez. Errealitate birtualeko jolasak nahiz bideo-jokoen parkea ere antolatu dituzte. Abarketatxo Ludotekak Negunebai egitaraua antolatu du, eta Artxamendi Topalekuak, Gazte Astea. Gaur ireki dute ekintzetan parte hartzeko izen-ematea. 

Azkoitiko Udaleko Gazteria Sailak askotariko ekintzez betetako egitarau oparoa prestatu du Gabonetarako, "haurrek eta gaztetxoek aisialdiari ahalik eta etekinik hoberena atera diezaioten". Gaur, astelehena, ireki dute ekintzetan izena emateko epea, eta irekita egongo da hilaren 15era arte edo plazak bete arte. Interesa dutenek, izen-ematea elkarguneazkoitia.eus atariaren bidez egin beharko da.

Aurten, ikuskizunak, tailerrak eta era desberdinetako jolas parkeak antolatu ditu Gazteria Sailak. Emanaldiei dagokionez, Santa is coming ikuskizuna, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen Ez gara jaitsiko ikuskizuna, Tutik Clownsen Txaplin eta Ipurbeltz zozoak beleari ikuskizuna antolatu dituzte aurtengorako.

Ikastaroetan edo tailerretan, berriz, aukera zabala izango da: pinturan, sukaldaritzan, teknologian, briko-proiektuetan nahiz makrame teknikan sakontzeko aukera izango dute haurrek eta gazteek. Adinaren araberako saioak antolatu dituzte. Horietan izena eman behar da aurrez, eta izen-ematea ordaindu egin beharko da.

Ohiko Gabonetako jolas parkeaz aparte, bideo jokoen plaza eta errealitate birtualeko jolasak ere antolatu ditu Gazteria Sailak. Gabonetako parkea abenduaren 27an eta 29an izango da Elkargunean, 11:00etatik 13:00etara eta 16:00etatik 20:00etara. Hilaren 29an egingo dute Bideo Jokoen Plaza Elkarguneko Herriko Plaza aretoan, eta Errealitate Birtualeko Jolasak urtarrilaren 2an jarriko dituzte leku berean. Azken bi eskaintza horiek doakoak izango dira. Gabonetako parkean, aldiz, goizeko sarrera bi euro ordaindu beharko da, eta arratsaldekoa hiru euro.

Ekintza berezi horiez gain, Abarketatxo Ludotekak Negunebai egitaraua antolatu du, eta Artxamendi Topalekuak, Gazte Astea. Gabonetako egitaraua osorik ikus daiteke, hemen

Hona hemen ikuskizunen eta parkeen egitaraua: 

Ikuskizunak

  • Abenduak 16:
    18:00etan, Santa is coming ikuskizuna, Elkargunean.
  • Abenduak 30:
    17:00etan, Tutik Clownsen Txaplin ikuskizuna, Elkarguneko Herriko Plaza aretoan.
  • Urtarrilak 4:
    17:00etan, Ipurbeltzen Zozoak beleari ikuskizuna, Elkarguneko Herriko Plaza aretoan.

Jolas parkeak

  • Abenduak 27, 28, 29:
    Haurren Gabon parkea, Elkargunean. 
  • Abenduak 29:
    Bideo jokoen plaza, Elkarguneko Herriko Plaza aretoan.
  • Urtarrilak 2:
    Errealitate birtualen jolasak, Elkarguneko Herriko Plaza aretoan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide