Euri jasari festa, San Andres ospatzeko

Mailo Oiarzabal 2023ko aza. 30a, 14:23

Eguraldi eskasari aurre eginez irten dira azkoitiarrak azaroaren 30eko festa eguna ospatzera. Ohiko taloak eta pintxoak jateko aterpe bila ibili dira gehienak, marrazki lehiaketakoak, musikariak eta herri kirol erakustaldikoak bezala. Greba feminista orokorraren aldarriek ere izan dute tartea festaren erdian; arkupe bakarrean errenditu dira aurten ere festaren erdigune bihurtu diren plazako txosnak.

Zenbat buru, hainbat aburu dioen esaera zaharra pixka bat moldatuta, zenbat buru, ia-ia hainbeste aterki esateko bidea eman dute gaur eguerdi partean Azkoitiko erdiguneko kaleek. Euria iragarrita zegoen, beste behin, azaroko azken eguneko festa egun handirako, eta erruz eta etenik gabe egin du, bai, euria.

Barru giro zegoen, baina ehunka azkoitiarrek festarako gogoarekin egin diote aurre eguraldiari. Baserritar jantziak guardasolen eta euritarako jantzien azpian ezkutatzen zirela, kaleak bete dituzte eguerdirako. Plazaberrin artisauek jarritako postuetan maiseatzen edota erosketak egiten ibili dira batzuk, baina ohiko taloak eta pintxoak jateko aterpe bila ibili dira gehienak plazaren bueltan, marrazki lehiaketakoak, musikariak eta herri kirol erakustaldikoak bezala; azken horiek plazako tranpaldoan astindu behar izan dituzte aizkorak, harriak eta ingudeak, behetik ikusle dezente begira zutela. Ikuslerik eta mireslerik ez dute falta izan Ikurrinaren plazako ohiko izkinan jarri dituzten txerrikumeek ere, batzuek lasto azpian ezkutatzea nahiago zuten arren.

Greba feminista orokorraren aldarriek ere izan dute tartea festaren erdian; eliz atarian elkarretaratze jendetsua egin dute, eta horrez gain, ohi baino txosna gutxiago jarri dituzte aurten plazan; Kultur Etxe azpiko arkupean errenditu dira denak, eta jo eta ke aritu dira lanean Azkoitia BHI zein Floreaga ikastetxeetako ikasleak eta gurasoak, barra luzeetan ilaran zain zituzten bezeroak artatzeko.

700dik gora lehiakide

Goiz eta eguerdi parteko jai egitarauaren azken ekitaldia izan da Txuri Urdin elkarteak antolatutako 40. marrazki eta pintura lehiaketaren sari banaketa. Parte hartze handiarekin egin dute aurtengo edizio borobila: 400 bat haur eta gaztetxo zeuden lehiaketan aurretik izena emanda, baina azkenean 8 eta 14 urte arteko 700dik gora izan dira parte hartzaileak, Azkoitiko Udalak jakinarazi duenez; tenperen atalean, esaterako, 40 talde aritu dira lanean.

Lau kategoriatan banatuta eman dituzte sariak, eta hau da sarituen zerrenda:

A kategoria:

  • Alain Romero.
  • Omaima..
  • Lia Aldalur.

B kategoria:

  • Safae Maayouf.
  • Malen Egino.
  • Ahizpea Egaña.

C kategoria:

  • Maria Okuda.
  • Jone Estrella.
  • Hodei Perez.

Tenperak kategoria (taldeka):

  • Jare Jimenez, Paula Huertas, Leire Catalina.
  • Izar, Iratxe, Ane (abizenik ez dute eman).
  • Sara, Marian (abizenik ez dute eman).

Pilota eta musika, arratsalderako

Iluntzera arte luzatuko da San Andres eguneko festa plazako txosnen bueltan, baina bestelako osagaiak ere ekarriko ditu arratsaldeak, Kontzejupeko pilota txapelketaren finalak eta musika, besteak beste.

Hau da arratsaldeko festa egitaraua:

  • 16:00etan, Kontzejupe pilota txapelketaren finalak, Kontzejupean.
  • 20:00etan, Josu Rodriguez DJa, plazan.
  • 22:00etan, suzko zezena, plazan.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide