Azaroak 25

Azkoitiko Udala ere, indarkeria matxistaren kontra

Aitziber Arzallus 2023ko aza. 25a, 10:00

Azkoitiko udaletxea. (Andoni Elduaien)

Gaur, Azaroaren 25a da, Indarkeria Matxistaren Kontrako Eguna, eta Azkoitiko Udalean ordezkaritza duten lau alderdiek ahoz batez onartutako adierazpena kaleratu du erakundeak. Indarkeria matxistari aurre egiteko konpromisoa berresteaz gainera, ekintza zehatzak martxan jartzeko asmoa adierazi du udalak, eta herritarrei dei egin die gaur herrian egingo dituzten mobilizazioetan parte hartzera.

Indarkeria Matxistaren Kontrako Eguna da gaur, eta Azkoitiko Udalean ordezkaritza duten lau alderdi politikoek aho batez onartutako adierazpena kaleratu du erakundeak. Batez ere, adingabeek jasaten duten indarkerian jarri dute arreta, adin txikiko biktimen kopurua geroz eta handiagoa dela ohartuta.

Horiek horrela, hainbat konpromiso hartu ditu udalak, besteak beste, indarkeria mota horri aurre egiteko estrategia hobetzea; eta hainbat ekintza ere proposatu ditu, besteren artean, herriko adingabeekin sexualitateari, bikote harremanei, maitasun erromantikoari eta abarri buruzko programak indartzea eta indarkeria digitala prebenitzeko eta hari erantzuteko estrategiak lantzea. Azkenik, gaur herrian indarkeria matxistaren kontra egingo diren mobilizazioetan parte hartzera dei egin die herritarrei.

Azkoitiko Udalaren adierazpenak honela dio hitzez hitz:

"Emakumeenganako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko egun honetan, azaroak 25, sexu indarkeriak adingabeen artean gero eta eragin handiagoa duela azpimarratu eta arreta jarri nahi dugu, indarkeria mota hori ikusezinena eta normalizatuena baita, eta urtetik urtera gora egiten jarraitzen baitu.

Hainbat txostenen arabera, sexu delituen biktimen % 40 adingabeak dira, gehienak neskak eta nerabeak. Adingabeen sexu askatasunaren aurkako delituen ehunekoak ere gora egin du. Laguntza espezializatuaren eskaerek ere gora egin duten arren, datuek erakusten dute neskek zailtasun handiak dituztela indarkeria adierazpen jakin batzuk antzemateko beren portaeran, bai berdinen taldean, bai harreman afektiboetan.

Mugimendu feministak eta adituek horien arrazoiak genero ikuspegidun kalitatezko sexu hezkuntzarik ez izatea eta familietan eta eskola inguruneetan gizarte balio egokiak transmititu ez izana direla adierazten dute. Era berean, ohartarazten dute adingabeen artean genero mito eta  estereotipoak hedatzen ari direla, baita haurren sexualizazioari eta pornografiaren bidezko sexu hastapen goiztiarrari buruzkoak ere, neurri handiagoan, ohiko erabilerako sare sozialetan. Kasu askotan, gainera, biktimen sinesgarritasunik eza antzematen da, eta horrek eragotzi egiten du esku hartze goiztiarra eta erreparatzailea, adingabeei egindako sexu abusu eta sexu erasoen kasuetan.

Horren guztiaren ondorioz, harreman afektibo sexualen eta gizonek eta emakumeek harreman horietan duten rolaren irudi desitxuratua zabaldu da. Sexu indarkeria hutsaldu eta legitimatu egiten da, emakumeen nahiak eta gorputzak menderatzeko modu gisa. Jokabide larrienek eraso sexualetara eta fisikoetara eraman dezakete, baita, muturreko moduetan, emakumeen hilketetara ere.

Horren guztiaren aurrean, euskal erakundeek eskura dituzten estrategia eta mekanismo guztiak sustatu behar dituzte, emakumeek eta neskek bizitza garapen osoa izan dezaten, askatasun eta segurtasun baldintzetan. Hain zuzen ere, beraien desirak, afektuak eta sexu portaerak derrigortzerik eta indarkeriarik gabe adieraz ditzaten, genero estereotipoak eta genero-aginduak alde batera utzita.

Udalak, herritarrengandik hurbilen dauden erakundeak diren aldetik, udalerritan berdintasunezko eta indarkeriarik gabeko bizikidetzarako baldintzak bultzatzeko arduradunak dira. Hori dela eta, Azkoitiko Udalak konpromiso hauek hartzen ditu:

  • Indarkeria matxista prebenitzeko tokiko estrategia hobetzea, adingabeen artean sexu indarkeriari aurre egiteko.
  • Biktima adingabeen inguruan sexu indarkerien antzematea eta arreta goiztiarra hobetzea, tokiko koordinazio protokoloaren bidez.
  • Sentsibilizazio programak diseinatzea herritarrekin, eta bereziki gurasoekin eta irakasleekin, genero ikuspegidun kalitatezko sexu hezkuntzaren beharrari buruzkoak.
  • Hezkuntza espazioetatik prozesuak garatzen laguntzea, adingabeen indarkeria matxistaren aurkako jarrerak indartzeko.

Konpromiso horietan oinarrituta, honako ekintza hauek proposatzen dira:

  • Udalerriko adingabeekin sexualitateari, bikote harremanei, maitasun erromantikoari eta abarrei buruzko programak indartzea.
  • Afektibitatea, harreman ereduak, feminitate/maskulinitate ereduak, rol sexistak gainditzeko estrategiak eta paritatea lantzeko esku hartzeak abian jartzea.
  • Indarkeria digitala prebenitzeko eta hari erantzuteko estrategiak lantzea, indarkeria matxista mota berri horiei ere aurre eginez.

Era berean, herritarrei dei egiten diegu, azaroaren 25ean, emakumeen aurkako indarkeria desagerrarazteko nazioarteko egunean, herrian deitutako mobilizazioekin bat egin dezaten".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide