Azaroak 25

Indarkeria bizipenak gizarteratzen

Maialen Etxaniz 2023ko aza. 24a, 09:49
Helena Gil Azkoitiko Elkargunean hitzaldia ematen. (Maialen Etxaniz)

Helena Gil bilbotarrak gaztea zela bizitako esperientzia elkarbanatu du Azkoitian, udalak antolatutako saioan. Indarkeria psikologikoa jasan zuen nerabezaroan. 

Azkoitiko Udalak Indarkeria Matxistaren Kontrako Egunaren harira antolatutako ekintzen barruan, indarkeria matxista jasan duen emakume baten testigantza entzuteko aukera izan zuten herritarrek Azkoitiko Elkarguneko aretoan herenegun. Dozena inguru emakume elkartu zen han, lehen pertsonan bizitako esperientziak elkarbanatu zituen Helena Gil bilbotarraren testigantza entzuteko.

Mertxe Zubillaga Azkoitiko Udaleko Berdintasun eta Prebentzio zinegotziak eman zion sarrera Gilen hitzartzeari. Zubillagaren esanetan, "indarkeria matxistarik gabeko bizitzaren aldeko konpromisoak egunerokoa" behar du izan, aldarrikapen egun batetik haratago: "Oraindik bide luzea dugu egiteko genero indarkeria erabat desagerrarazi arte". Zubillagaren hitzetan, "egoera bakoitzaren atzean min eta sufrimendu handia dago", eta ez hori bakarrik: "Indarkeria matxista giza eskubideen urraketa larria da, eta askotan ezkutuan geratzen da etxeko lau hormen artean". Hori dela eta, indarkeria jasan duen emakume baten testigantza gizarteratzea eta herriratzea erabaki dute. Horretarako, gonbidapena egin zioten Helena Gil bilbotarrari.

Gordintasunez kontatuta

"Nerabezaro betean" ezagutu zuen Gilek zortzi urtez bere bikotekidea izan zena; gaur egun "erasotzailetzat" hartzen duen gizona. 16 urte zituen orduan bilbotarrak, eta haren lehen harremana zen. Mutilak beste harreman batzuk izanda zituen ordurako. "Bikotekideak esaten zidan aurrez izan zituen neskalagunak oso kontrolatzaileak eta manipulatzaileak zirela. Gerora jakin nuen ez zela horrela".

Aurreneko hilabeteetan "dena zen maitasuna eta dena zen ilusioa", baina denborarekin mutil laguna "jarrera txarrak" hartzen hasi zela konturatu zen. "Psikologikoki txiki sentiarazten ninduen: nire iritziak ez zuen apenas balio; ikasketetan oso ondo moldatzen nintzen, baina hark zortea zela esaten zidan. Nire itxurarekin ere sartzen zen. Iseka egiten zidan bere lagunen aurrean. Gainera, bikotekideak ez zituen nire lagunak ezagutu nahi, eta, ondorioz, haiengandik urrundu nintzen", kontatu zuen Gilek. Hori ez ezik, "sexu praktika arraroak eta ez oso sutilak" proposatzen zizkiola aitortu zuen Azkoitiko saioan. Horren harira, pornografiak sexu praktiketan duen eragina azpimarratu nahi izan zuen Bilbokoak, eta nabarmendu zuen gaur egun "are larriagoa" dela pornografiaren industriak nerabeengan duen eragina. "Horrelako sexurik ez nuela nahi esaten nion, baina azkenean beti konbentzitzen ninduen". Denborarekin, "tristura eta bizitzeko grin eza" nabaritzen hasi zen Gil. Une hartan, "kasualitatez"ezagutu zuen neska batek mugimendu feministara batzeko deia egin zion, eta talde batera sartzera animatu zuen. "Ez nuen askorik pentsatu, eta baietz esan nion". Modu horretan izan zuen Gilek lehen harremana asanblada feminista batekin, nahiz eta aurrez indarkeria jasan zuten emakumeen bizipenak ezagutzen zituen. "Leku guztietan ikusten nuen indarkeria, nire inguruan izan ezik", kontatu zuen bilbotarrak Azkoitian.

"Indarkeria psikologikoa edo gas argia bezala deitzen dena jasan nuen nik. Erasotzaileak ez ninduen sekula fisikoki jo edo zauritu, baina kalte ikaragarria eragin zidan buru osasunean. Manipulazio psikologikoa zein emozionala ezagutu nituen, eta hain da zitala, ezen zalantzan jartzen nuela sentitzen nuena benetakoa al zen. Gainera, ikaragarria zen barruan nuen erruduntasun sentipena", adierazi zuen Gilek. "Klak" egin zuen arte. Sufrimenduaz ohartuta, bikotekidea uztea erabaki zuen, eta laguntza psikologikoarekin gainditu du egoera: "Gaur egun, indarkeria matxistaren biziraulea naiz. Zaila da, baina posible da infernu horretatik ateratzea. Behar baduzu, eskatu laguntza".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide