Azaroak 25

Indarkeria matxistaren "errealitate dramatikoa" ikustaraziz hasi ditu udalak Azaroak 25eko ekintzak

Ane Olaizola 2023ko aza. 21a, 10:14

'Ireki leihoak... utzi argia sartzen' erakusketaren irudi bat. (Ane Olaizola)

Datorren larunbata Indarkeria Matxistaren Kontrako Eguna da, eta udalak jakinarazi duenez, indarkeria hori jasan duten 10 emakume artatu ditu aurten; guztira, 19 emakumeren kasuak ditu eskuartean. Hainbat ekintza izango dira egunotan, herritarrak gaiaz kontzientziarazteko.

Indarkeria Matxistaren Kontrako Eguna izango da datorren larunbata, azaroaren 25a, eta Azkoitiko Udalak jakinarazi du Gizarte Zerbitzuek indarkeria matxista jasan duten 10 emakume artatu dituela aurten. Kasu berriak dira horiek, baina guztira, 19 emakumeren kasuak dituzte eskuartean Gizarte Zerbitzuek. "Egoera bakoitzaren atzean min eta sufrimendu handia dago, giza eskubideen urraketa larria, eta askotan ezkutuan geratzen da etxeko lau hormen artean", ohartarazi du Mertxe Zubillaga Berdintasun zinegotziak.

Zubillagaren esanetan, "indarkeria matxistaren gabeko bizitzaren aldeko konpromisoak egunerokoa" behar du izan, aldarrikapen egun batetik haratago. "Oraindik bide luzea dugu egiteko genero-indarkeria erabat desagerrarazi arte". 

Bide horretan, herritarrak kontzientziatzen jarraitzeko ekintzak antolatu ditu udalak egunotarako. Atzo hasi ziren aurreneko ekintzak, Ireki leihoak... utzi argia sartzen izenpean erakusketa zabaldu baitzuten Elkarguneko tunelean. Indarkeria matxistaren "errealitate dramatikoa" ikustaraztea du helburu erakusketak, datuak eta zifrak azaleraziz.

Bihar, berriz, indarkeria jasan duen emakume batek bere testigantza emango du 18:30ean Elkargunean, Ez zaude bakarrik izenpean. Ildo horretan, udalak itxaropen mezua zabaldu nahi du: "Erraza ez den arren, laguntzarekin, indarkeria egoeretatik atera daiteke".

Haurrei zuzendutako ekintzak ere izango da, udalaren ustez, "prebentzioa haurtzarotik" landu behar baita. "Berdintasuna, bizikidetza edo errespetua barneratzen joaten dira familian, aisialdian, eskolan… Horretan, hezkuntza oinarrizko tresna da, eta horregatik lantzen ditugu gai hauek guztiak eskoletan, programa ezberdinen bitartez". Hori hala izanda, 4 eta 12 urteko umeei zuzendutako Nire espazioa eman bakarrizketa saioa izango da igandean, hilaren 26an, Elkargunean —haurrek arduradun batekin joan beharko dute—. Gizarte Zerbitzuak, kaleko hezitzaileekin batera, ekintza sinbolikoa egingo du kalean.

 

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide