Palestinako "sarraskia" gelditzeko eskatuz, elkarretaratzea egin dute plazan

Iraia Oteiza 2023ko aza. 7a, 18:33

Palestinako egoera "gero eta larriagoa" dela eta, Euskal Herriko herri guztietan mobilizatzeko deia luzatu du Gernika-Palestina kolektiboak. Azkoitian, 18:00etan egin dute elkarretaratzea, eta ehun bat herritar bildu dira herriko plazan Gaza bizitzen ari den egoera salatu eta konponbideak eskatzeko.

Palestinako egoera "gero eta larriagoa" izanik eta urriaren 21eko Donostiako manifestazioak izandako erantzunaren ondotik, deialdi herritarrari heldu behar zaiola uste du Gernika-Palestina kolektiboak, eta gaur Euskal Herriko herri guztietan mobilizatzera dei egin du hark. Azkoitian ere egin dute elkarretaratzea, eta ehun  bat pertsona bildu dira Palestina askatu! zioen pankartaren atzean.

"Palestinak elkartasuna behar du, baina batez ere konponbideak behar ditu. Ezin dugu Palestina bakarrik utzi. Palestinako herriak amesteko, bere etorkizuna erabakitzeko, aske izateko eta duintasunez bizitzeko eskubidea du. Horregatik da hain garrantzitsua denbora gehiegi irauten ari den gatazkari konponbidea bilatzea", dio plazan herritar talde batek irakurri duen manifestuak.

Joan den urriaren 7az geroztik, Israelek 9.061 pertsona hil ditu Gazan, horietatik 3.760 adin txikikoak. Israelen erasoak ikusita, Nazio Batuen Erakundeak ohartarazi du "agortzear" dela Gazan "genozidio bat" ez gertatzeko denbora.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide