Festen inguruko balorazio ona emakume batek jasandako erasoak garraztu duela adierazi du udalak

Aitziber Arzallus 2023ko abu. 21a, 13:19

Azkoitiko plaza jendez gainezka, aurtengo andremarietako txupinazoa bota baino minutu batzuk lehenago. (Aitziber Arzallus)

Oro har, andremarien inguruan "balorazio positiboa" egin du erakundeak, eta eskerrak eman dizkie elkarteei, taldeei, boluntarioei eta herritarrei. Hala ere, irmoki salatu du Kuadrillen egunean emakume batek taberna batean jasandako erasoa, eta antolatutako elkarretaratzean parte hartzera dei egin du, "horrelako gertaerak onartezinak direlako". Udalak jakitera eman duenez, emakumeak salaketa jarri du "ukituengatik".

Andremariak bukatuta, festak nola joan diren hausnartzeko tartea hartu du Azkoitiko Udalak, eta adierazi du "jai alaiak" izan, jende askok parte hartu duela, herritarrek duten onena eman dutela, eta "oro har, oso giro ona" izan dela kalean. Horregatik, eskerrak eman dizkie elkarteei, kolektiboei, boluntarioei eta herritarrei.

Baina izan da balorazio positibo hori zapuztu duen gertakaririk; hain zuzen ere, hilaren 18an, Kuadrillen egunean, emakume batek taberna batean jasandako erasoa, eta horrek festen inguruko "irakurketa gazi-gozoagoa" egitera bultzatu duela esan du udalak. Erakundearen arabera, biktimak salaketa jarri duela, "ukituengatik". "Udalak irmoki salatzen du gertaturikoa eta antolatzen diren elkarretaratze edo salaketa ekintzetan parte hartzera animatzen ditu herritarrak".

Gainerakoan, eta "gertaera tamalgarri horretaz gain", Ana Azkoitia alkateak andremarien "lehen balorazioa positiboa" egin du. "Ez dut neurgailurik, eta dagokion batzordean egingo dugu balorazio zehatzago eta kritikoago bat, baina uste dut, oro har, jendea kalera dibertitzeko gogoz eta musikaz, jarduerez eta konpainiaz gozatzera atera dela, eta lortu ere, lortu duela. Ondo joan dira festak, baina beti dago puntu beltzen bat", adierazi du.

Azkoitiaren esanetan, Kuadrillen eguneko eraso horretaz aparte, "ez da nahigabeko gertakari esanguratsurik izan" jaietan. "Goizero, Ertzaintzak eta Udaltzaingoak esku-hartzeen eta gorabeheren partea jakinarazten zidaten, eta hilaren 18koa kenduta, gauak normaltasunez joan dira festetan",  azaldu du alkateak.

Egitarauaren barruan antolatutako ekintzetan izan den parte hartzea nabarmendu du Azkoitiak, jendetsuenak izan direnak aipatuta. "Kontzertuek, kaleko musika ikuskizunek, Salbeak eta film laburren lehiaketak, besteak beste, jende asko erakarri dute. Txupinazoan bertan plaza gainezka zegoen, eta handik atzera, kaleak oso animatuta egon dira".

Nabarmendu duen beste gauzetako bat Plaza Ondo jubilatuen elkarteak udalaren laguntzarekin antolatzen duen senidetasun bazkaria izan da. "Uste du asmatu egin dugula; izan ere, lehenengo aldiz bazkaria Azkoitian izan da, eta omenduek eta euren familiek ez dutelako herritik mugitu beharrik izan". Aurten Elkargunean egin dute bazkaria, eta 200 lagunetik gora bildu dira. Kuadrillen bazkaria ere "arrakastatsua" izan dela nabarmendu du, ia 1.400 lagunek parte hartu baitute.

Hobetzekoak beti izaten direla eta horiek kontuan izango dituztela adierazi du alkateak. "Jakina, beti izaten dira hobetu daitezkeen gauzak eta xehetasunak. Urtero zerbait ikasten dugu, eta hurrengo jaietara eramaten saiatzen gara, baina garrantzitsuena da jende asko inplikatu dela, eta oso jarrera ona nagusitu dela". Horiek horrela, udalak esker oneko mezua helarazi die herritar guzti-guztiei. "Datorren urtean gehiago eta hobeto", esan du alkateak.