Azkoitiarren doinuak

Lurdes Alberdiren euskal kanta gogokoenak

Erredakzioa 2023ko abu. 9a, 09:00
Lurdes Alberdi. (Utzitakoa)

Lurdes Alberdi Darahli Saharako herriaren aldeko elkartearen ordezkarietako bat da eta bera da Azkoitiarren doinuak serieko 28. protagonista. Hauek dira Alberdik aukeratu dituen bost euskal kantak.

"Txiki-txikitatik" entzun izan ditu Lurdes Alberdik euskal abestiak. "Lasaiak eta baladak gehiago" gustatu izan zaizkio, "edo denbora gehiago iraun izan didate estimuan", dio. Aitortu du aukeraketa hau egitea "errazago" egingo zitzaiola uste zuela, baina "momentuak eta norbere aldarteak aukeraketa alda dezake".

"Gaurko honetan –dio–, saiatu naiz nire bizitzako ibilbide bat egiten eta markatu nauten kantak aukeratzen".

  • Txoriak txori (Mikel Laboa)

"Ume-umetatik familian entzun eta abestu izan dugun kanta da, gaur egun oraindik hainbat euskal ekitalditan edo lagun artean abesten jarraitzen dugu. Ia euskaldunon ereserki bihurtu da".

  • Lau teilatu (Itoiz)

"Abesti hau nerabezaroarekin lotuko nuke. Gazte gineneko garai bat markatu zuela esango nuke, nire lehenengo kontzertuetako bat izango zen Itoizena. Ondoren kanta honen beste hainbat bertsio egin dira eta beti gustura entzuten dut".

  • Xalbadorren heriotzean (Erramun Martikorena)

"Abesti hau ere beti gustatu izan zait, baita Xabier Leteren ahotsean ere. Erramun Martikorena aukeratu dut, neure gurasoei egindako omenaldi batean Erramun Martikorenak zuzenean abestu baitzien, eta oso momentu hunkigarria izan zen; geroztik, oso barruan daramat".

  • Desio bat dut (Eñaut Elorrieta eta Aziza Brahim)

"Eñaut Elorrietaren ia abesti denak izugarri gustatzen zaizkit. Hala ere, abesti hau, azken urte hauetan saharar herriarekin dugun loturaren eta desioaren ikur bihurtu dugu. Letrak berak ere horixe jasotzen baitu: Sahararentzat desio bat, libre izan dadin".

  • 25. artikulua (Idoia Asurmendi)

"Abesti hau lehenengo aldiz kotxean entzun nuen eta entzun orduko mezu sakon bat aurkitu nion. Ez nuen abeslaria ezagutzen, baina geroztik askotan entzuten dut. Mundu injustu honetan, nork ez ote du aukera bat merezi, etxe bat, harrera goxo bat".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide