Konstituzionalaren epaiaren aurrean, "haserrea eta kezka" adierazi dituzte hainbat lagunek plazan

Julene Frantzesena 2023ko uzt. 27a, 19:35

Euskararen erabilera eta euskaldunen hizkuntz eskubideak oztopatzen dituzten azkenaldiko hainbat epaik kezka eragin dute. Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak deitutako elkarretaratzearekin bat egin dute herriko eragile hainbatek, baita hainbat norbanakok ere; 33 taldek egin dute bat deialdiarekin. Epaia bete beharko duten udalei har ditzaketen neurri juridikoak hartzeko deia egin die Maxixatzenek.

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Euskal Udal Legearen auzian eman berri duen epaia salatzeko elkarretaratzea egin dute hainbat lagunek gaur arratsaldean, plazan, Maxixatzen Euskaldunon Elkartearen deialdiarekin bat eginez. Euskararen erabilera eta euskaldunen hizkuntz eskubideak oztopatzen dituzten azkenaldiko hainbat epaik kezka eragin dute nola euskalgintzan, hala hainbat erakundetan, eta kezka hori plazara eraman dute gaur herritar hainbatek. Gainera, herriko hainbat arlotako eragileek eta taldeek ere bat egin dute deialdiarekin, eta plazan izan dira horietako ordezkariak ere.

Maxixatzeneko kideek Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren epaiaren aurrean "haserrea eta kezka" adierazi dituzte, eta aurrera begira bakoitzak bere esparrutik lanean jarraitzeko eskatu diete herritarrei. Horrez gain, epaia bete beharko duten udalei har ditzaketen neurri juridikoak hartzeko deia egin die Maxixatzenek, baita juridikoki ondo prestatzea galdegin ere. Izan ere, elkarteko kideen arabera, "momentuz, ez du ematen oldarraldi judizialak etenik izango duenik". Bestalde, herritarrei euskaraz bizitzeko gogoari buruz eta bihotzez eusteko eskatu die Maxixatzenek, eta egoerak okerrera egingo balu, desobedientzia zibilaren bidea hartuta, euskaratik eta euskaraz aritzen segitzeko hautua egitera animatu.

Hasi da "oldarraldi judiziala"

Maxixatzeneko ordezkariek kaleratu duten manifestuan zehaztu dutenez, "ez dira gutxi" munduko hizkuntza gutxituetako batean bizi nahi duten herritarrek izaten dituzten oztopoak, eta euskara ez da salbuespena. "Aurreiritzi linguistikoak izan ziren aurrena, aurreiritzi kulturalak ondoren, komunitatea gutxiestea hurrena...". Oztopo horiei aurre egiteko lanean ari diren garaian, "oldarraldi judiziala" hasi dela adierazi du Maxixatzenek, elkarteko kideen hitzetan "arrazoiz eten ez dutena epaitegian eten" nahi dutelako. Halaber, epaia ez dela aho batez erabakitakoa ere zehaztu du elkarteak. "Bi boto partikularrek esan dute udalak euskara hutsean lan egiteko proposamenak ez duela Konstituzioa urratzen, hala eskatzen duenari, eta euskaraz ez dakiela frogatuz gero, dokumentazio guztia emango baitzaio gaztelaniaz ere".

Aho batez erabakitakoa ez, eta zuzena ere ez da epaia Maxixatzeneko kideek jakinarazi dutenez. Izan ere, legea gutxienez bi modutara interpreta daitekeenez, legea ez dagoela argi salatu dute. "Hori zuzentzeko bidea abiatu beharko luke horretarako eskumena duenak, epaia ez delako zuzena eta nabarmen urratzen dituelako euskaraz bizi nahi dugunon eskubideak". Gainera, halako legeek "ezinegona, kezka eta komunitatearen arteko talka" sortzen dutela uste du Maxixatzenek.

Atxikimendu ugari

Asko izan dira Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak egunotan bildu dituen atxikimenduak eta gaur plazan izan diren herriko taldeetako nahiz eragileetako ordezkariak. Izan ere, 31 taldek nahiz eragilek egin dute bat Maxixatzenen aldarrikapenekin.

Honako hau da eragile horien zerrenda: AEK, Anaitasuna futbol taldea, Anaitasuna-Kakute xake taldea, Azkoitri triatloi kluba, Bigoterik Gabe antzerki elkartea, Bizkargi musika eskola, Bulego musika taldea, Egoitza Kalera plataforma, ELA sindikatua, LAB sindikatua, Floreaga bolo kirol kluba, Floreaga Ikastetxea, Xabier Munibe Ikastetxea, Herrixen merkatarien elkartea, Indarlan guraso elkartea, Iraurgi abesbatza, Iraurgi Saskibaloi Taldea, Iriaun-Nafar Zuzterrak taldea, Oletan ere ez! taldea, Oteiza pilota elkartea, Plaza Ondo jubilatuen elkartea, Sahatsa dantza taldea, Trikigiro elkartea, Txalkor txistulari taldea, Txerloia tenis kuba, Udal Musika Banda, Urolako Komunikazio Taldea (UKT), Erniarraitz bertsozale elkartea, Parrokiako taldea, Urola Bizirik, Marea Urdina eta Munibe taldea.

Halaber, bat egin dute elkarretaratzearekin EAJk, EH Bilduk eta Azkoitia Baik. Alderdi horiek Azkoitiko Udalean dituzten taldeek, gainera, adierazpena onartu zuten atzoko udalbatzarrean. PSE-EEk Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren erabakia babestu eta adierazpenaren kontra egin zuen.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide