Hizkuntza eskubideen aurkako epaiaren aurrean, adierazpena kaleratu du Azkoitiko Udalak

Aitziber Arzallus 2023ko uzt. 27a, 12:34
Atzoko udalbatzarra. (Aitziber Arzallis)

EAJren, EH Bilduren eta Azkoitia Bairen udal taldeek babestu dute adierazpena; aldiz, PSE-EEk Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren erabakia babestu eta adierazpenaren kontra egin du. Maxixatzen euskaldunon elkarteak epaiaren kontra gaur arratsalderako antolatu duen bilkuran parte hartzeko deia egin du udalak ere. 19:00etan herriko plazan izango da.

Espainiako Auzitegi Konstituzionalak Udal Legearen aurka, udalei Euskara hutsez aritzeko aukera ezetsiz, emandako epaiaren aurrean, adierazpen instituzionala plazaratu du Azkoitiko Udalak. Testua atzoko udabaltzarrean onartu zuten EAJren, EH Bilduren eta Azkoitia Bairen aldeko botoekin. PSE-EEko zinegotzi Janire Igoak, aldiz, adierazpenaren kontra bozkatu zuen.

Adierazpena sinatu duten alderdiek kezka agertu dute eta larritzat jo dute sententzia, "euskararen normalizazio eta biziberritze prozesua oztopatu egiten duelako, hizkuntza politikak mugatuz". Epaiak herritar guztien hizkuntz eskubideak bermatzen dituzten hizkuntza politikak atzera botarazten dituela salatu dute testuan, "ezetsi den Udal Legearen 6.2 artikuluak berariaz jasotzen baitu berme hori". "Finean, euskara eta euskal hiztunak mespretxatzen ditu epai honek, eta euskarak normalizazio eta biziberritze bidean etorkizunera begira dituen desafio handiei aurre egiteko moduko hizkuntza politikak indarrean jartzea eragozten du".

Adierazpenean gogorarazten dute Eusko Legebiltzarrak kontsentsu zabalez onartu zuela orain Espainiako Auzitegi Konstituzionalak baliogabetu duen Udal Legea, eta "oldarraldi judizial zabalago" baten baitan kokatzen du erabakia, "hizkuntza gutxituak jomugan dituen olatu erreakzionario batean", hain zuzen. Halaber, Maxixatzen euskaldunon elkarteak gaur arratsalderako egindako deialdiarekin bat egin dute hiru alderdiek, eta herritarrak parte hartzera deitu dituzte. Hiru udal talde horiek ez ezik, herriko beste hainbat eragilek ere bat egin dute gaur arratsaldeko agerraldiarekin.

Igoak, bere aldetik, adierazpenaren aurka egiteko arrazoiak azaldu zituen atzoko bilkuran, "lehenik, PSE-EEk beti epai judizialak errespetatzen dituelako; eta bigarrenik, bere garaian PSE-EEk Udal Lege honen aurka bozkatu zuelako, konstituzioaren aurkakoa izan zitekeela ohartarazita, eta orain, epaiak arrazoia ematen ditu". Adierazi zuenez,  "PSE-EE euskararen erabilera babestearen eta sustatzearen alde dago, herritarren hizkuntza eskubideak babestearen alde, eta epai honek ez die kalterik egiten bi gauza horiei. Erakunde baten dokumentazio guztia hizkuntza batean idazteak, gaztelaniaz zein euskaraz, eskubide hori urratu egingo luke".

Beste hainbat erabaki

Udal Legearen aurkako epaiaz gain, beste hainbat gai ere jorratu zituzten atzoko udalbatzarrean: aurreko bilkuretako aktak onartu zituzten; ohiko batzorde informatiboen maiztasuna aldatzea hitzartu zuten; 2023ko udal aurrekontua gauzatzeko, udal arauaren aldaketai hasierako onespena eman zioten; kreditu gehigarri bidez kredituak aldatzeko laugarren zenbakidun espedienteari hasierako onespena eman zioten; eraikuntza, instalazio eta obren gaineko zergaren hobariaren efektuetarako, interes bereziko edo onurako adierazpena onartu zuten, Burdinoleta kaleko bigarren zenbakiko eguneko zentroaren lokalaren egokitzapen lanak onartzeko; Urola Erdiko Mankomunitateko udal ordezkarien ordezkoak izendatu zituzten; eta azkenik, 2022ko ekitaldiko Finantza Barne Kontroleko urteko txostenaren, 2022ko urteko Plan Finantzarioaren emaitzen urteko txostenaren eta 2023ko ekitaldiari dagokion kontrol finantzarioko urteko planaren berri eman zuen kontuhartzaileak, besteak beste.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide