Azkoitiarren doinuak

Luken Orbegozoren euskal kanta gogokoenak

Erredakzioa 2023ko abu. 2a, 09:00
Luken Orbegozo Zalbide. (Utzitakoa)

Luken Orbegozo Zalbidek AEN (Autismoaren Espektroko Nahasmena) du, eta horregatik, soinu batzuekiko entzumen hipersentsibilitatea du. Hala ere, musika "izugarri gustatzen" zaio, eta Maxixatzeneko irakurleekin konpartitu nahi izan ditu bere bost euskal kanta gustukoenak. Bera da Azkoitiarren doinuak serieko 27. gonbidatua, aurtengo udako aurrena.

  • Itzulera (Zetak)

"Dudarik gabe, Zetak da nire talderik gustukoena, iaz Italiara egin genuen bidaiaren oroitzapenak ekartzen baitizkit kantu honek. Egunero ozen ipintzen genuen autokarabanan eta dantzan jarduten genuen, zoro moduan (zer pentsatuko ote zuten...). Bestalde, nire bizitzako lehen kontzertua Zetakena izan zen, eta niretzat izugarrizko aurrerapausoa izan zen bertara joan ahal izatea, orain dela urte batzuk ezinezkoa izango baitzen, AEN tarteko [azpiko bigarren bideoan jasota daude kontzertu hartan hartutako irudiak]".

  • Ezer ez da berdina (Bulego)

"Pandemia garaian hasi nintzen Bulego entzuten, eta hasiera-hasieratik asko gustatu zitzaizkidan ateratzen joan ziren kantu guztiak. Bada, hala ere, kantu bat oso berezia dena: Ezer ez da berdina. Horrenbeste gustatzen zitzaidan, bideo bat grabatzera animatu nintzela amatxorekin [azpiko bigarrena da]".

  • Gu geu garena (ETS)

"ETSren kontzertua izan da nire bizitzako bigarrena, eta benetan disfrutatu nuen. Kontzertuan bertan Zurekin batera kantua autismoa duten pertsonen alde abestu zuen Iñigok, eta izugarri gustatu zitzaidan arren, nire kanturik gogokoena, asko alaitzen bainau, Gu geu garena da".

  • Aske maitte (Gatibu)

"Txikitatik gustatu izan zait kantu hau. San Joan gauean sua egin izan ohi dugu eta gau zoroa izaten da gure familian. Beti kantu hau ipintzen dugu sua piztu ondoren eta oso oroitzapen onak ekartzen dizkit, suaren inguruan dantzan. Azpeitian maiatzean jo zutenean, han izan nintzen, lehen lerroan; eta gauzak nola diren, kontzertua hasi bezain pronto Alex konturatu zen 'berezia' nintzela, eta kantu eta kantu artean bateriarengana joan eta atabal bat eskatu zion niri emateko. Ezin sinestuta geratu nintzen. Mila esker, Alex! Altxor bat bezala daukat gordeta atabala nire logelan".

  • Sarri Sarri (Kortatu)

"Niretzat, ikasturte honetako aurkikuntza handiena Black is Beltza 2 filma izan da, eta nola ez, bere musika. Gurasoek 80-90eko hamarkadetan entzuten zituzten abestiak berriro entzun dira gure etxean: Barricada, Cicatriz, Kortatu, RIP... "Ez dakit zer gertatzen zaidan azken aldi honetan” baina izugarri ditut gustuko abesti horiek. Pentsa, Barricadaren Barrio conflictivo abestian Txantreari buruz horrenbeste hitz egiten da, gurasoak horrenbeste nazkatu nituen Txantrearekin, hango festetara eraman nindutela, ikustera benetan "barrio conflictivo" zen ala ez. Filmean entzuten diren abestietatik bat aukeratu beharko banu, Sarri Sarri abestiarekin geratuko nintzateke, gora Fermin Muguruza!".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide