Olaia Gaitan: "Urte askoan ibili eta gero, ez nuen espero horrelako zerbait lortzerik"

Andoni Elduaien 2023ko uzt. 20a, 10:00
Olaia Gaitan. (Utzitakoa)

Sabadellen (Katalunia) dago Olaia Gaitan (Azkoitia, 2008), infantil mailako Espainiako Igeriketa Txapelketan lehiatzeko. Gaurtik igandera, bost probatan parte hartuko du; Zubiaurre igeriketa elkartean inoiz ez zuen igerilari batek Espainiako txapelketa baterako horrenbeste gutxieneko lortu. "Denborak hobetzea" da azkoitiar gaztearen asmo nagusia.

Espainiako Txapelketa jokatuko duzu gaurtik igandera. Zein dira zure asmoak?

Nire asmoak dira Euskal Herriko Txapelketan lortutako denborak hobetzea, eta ahal bada, neure marka pertsonalak ere hobetzea.

Espainiako Txapelketa berean parte hartzeko horrenbeste gutxieneko denbora lortzen lehen igerilaria izan zara Zubiaurre klubean. Klubaren historian sartu zara. Zer da hori zuretzat?

Ez dakit zer esan, baina urte askoan ibili eta gero, ez nuen espero horrelako zerbait lortzerik. Kristorena da orain arte lortu dudan guztia, eta espero dute horrelaxe jarraitzea.

Gutxieneko horiek markatzeko lana gogor egin behar izan duzu denboraldian zehar. Nola laburbilduko zenuke aurtengo denboraldia?

Denboraldi zaila izan da, gogorra. Gorabehera batzuk eduki ditut. Adibidez, txapelketa batzuetan ez naiz oso ondo ibili, nahiz eta beste batzuetan emaitza onak lortu ditudan. Euskal Herriko Txapelketan, neure ohiko probak oso gaizki egin nituen. Espainiakoan, gustatuko litzaidake gaizki ibili izan naizen proba horietan maila hobea ematea eta denboraldia ondo bukatzea.

Gutxieneko sei denbora lortu dituzu, baina Espainiako Txapelketan bost probatan arituko zara: 50, 100 eta 200 metro bizkar, 100 metro libre eta 50 metro tximeleta. Zergatik horietan?

Denboraldi honetan, adibidez, 200 metro bizkarrean ez naiz oso fin aritu; beraz, hori izan da aukeratu dudanetako bat, orain arteko txapelketetan baino hobeto egitea lortzen dudan ikusteko. Eta 100 metro libre eta 100 zein 50 metro bizkar, berriz, gustatzen zaizkidan probak direlako aukeratu ditut, eta 50 metroko igerilekuan proba horietan ditudan markak hobetzeko asmoarekin ere bai. Aldiz, 50 metro tximeleta egingo ditut, baina 50 metro libreak ez; izan ere, 200 metro bizkar probaren aurretik jarri dute juxtu, eta nire helburua 200 metro bizkarreko marka hobetzea denez, alde batera utzi behar izan dut 50 metro libreen lehia.

Zein estilotan moldatzen zara ondoen?

Bizkar estiloko probetan moldatu izan naiz ondoen betitik, baina azken urteetan konturatu naiz estilo librean ere ondo ibiltzen naizela. Beraz, bi estilo horiek aukeratuko nituzke.

Zure orain arteko ibilbideko lorpenik handiena al da aurten lortu duzuna?

Bai, hala da.

Iaz ere izan zinen Espainiako Txapelketan; zuretzat ez da berria halako txapelketa batean aritzea. Bereziak al dira halako hitzorduak? Zergatik?

Bereziak dira, bai. Izan ere, lehen aldia ez izan arren, zu baino maila hobea duten igerilariekin neurtu behar izaten duzu zeure burua, Espainiako selekzioan aritzen direnekin, esaterako, eta sentsazioak aldatu egiten dira horrelakoetan.

Nola egin behar izaten zaie aurre halako txapelketei?

Ez duzu pentsatu behar jende onarekin lehiatuko zarela, azkenean zeu ere maila horretan lehiatzera iritsi zara eta. Zu baino jende hobea egongo da, baina horrek ez du esan nahi zu txarra zarela. Gainera, jende berria ezagutzen duzu, polita izaten da horrelako txapelketetara joatea.

Aurrera begira jarrita, zer helburu dituzu? Zer lortu nahiko zenuke igeriketan?

Orain arteko bidetik jarraitzea da nire helburua, eta ahal bada, Espainiako Txapelketetan lehiatzeko aukerak izaten jarraitzea.

Zenbat urte daramatzazu igeriketan? Zerk egiten du kirol hori berezi zuretzat?

Ikastaroak izan ziren igeriketarekin izan nuen lehen harremana. Zubiaurre klubea apuntatuko al nintzen esan zidaten gero, polita izango zela eta. Neuk eskatu nien gurasoei apuntatzeko, eta horrela egin zuten. Lehiatzen hasi ginenean, beti estilo libreko probetan parte hartzea nahi izaten nuen. Txapelketa baterako izena eman behar zen egun batean falta nintzen, eta Alexek bizkar estilorako eman zuen nire izena. Librea nahiago nuen, baina bizkarren lehiatu nintzen txapelketa hartan, eta oso ondo ibili nintzen; hain zuzen ere, orduantxe loru nuen nire lehen domina.

11 urteren bueltan, igeriketan hain gustura ibili ez nintzen sasoi bat izan nuen. Lagatzea pentsatu nuen, baina attittek ez uzteko esaten zidan, jarraitzeko igeriketan, ondo etorriko zitzaidala eta abar. Kasu egin nion, gogor entrenatzen jarraitu nuen, eta horrela iritsi naiz lorpen hauek eskuratzera. Orain, ezingo nuke igeriketa utzi, oso gogorra izango litzateke hori niretzat. Nire bigarren etxea bezala da eta lagun lepo egin ditut urte hauetan guztietan. Denborarekin, klubeko jendearekin harremana egiten joan naiz eta eskerrak eman nahi dizkiet guztiei, batik bat bolada txarretan ere entrenamenduetan zein txapelketetan nire ondoan egoteagatik.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide