Olaia Gaitanek haurren mailako Espainiako Txapelketa jokatuko du

Erabiltzailearen aurpegia Zubiaurre Igeri Elkartea 2023ko uzt. 19a, 11:54
Olaia Gaitan.

Gaitanek sei proba ezberdinetan lortu ditu gutxiengoak. Espainiako Txapelketa berean parte hartzeko horrenbeste gutxiengo denbora lortu dituen lehen igerilaria izan da Zubiaurre klubean. Bihartik igandera bitartean jokatuko dute txapelketa.

Haurren mailako Espainiako Txapelketa hartuko du uztailaren 20tik 23ra Sabadellek (Katalunia), eta han izango da Zubiaurre igeri elkarteko Olaia Gaitan igerilaria. Iaz ere parte hartu zuen hark Espainiako Txapelketan, beharrezko gutxiengoak lortu ondoren.

Ordea, oraingoak badu berezitasun bat. Gaitanek sei proba ezberdinetan lortu ditu gutxiengoak, eta Espainiako Txapelketa berean parte hartzeko horrenbeste gutxiengo denbora lortzen lehen igerilaria izan da Zubiaurre klubean; izan ere, estilo eta neurri ezberdinetako probetako gutxiengo denborak lortu ditu hark. Gaitani ondoen doakion estiloa bizkar bada ere, tximeleta proban eta estilo librean ere lortu ditu gutxiengo denborak.

Igerilari batek bost probatan parte har dezake gehienez, eta igerilari azkoitiarrak honako hauek lehiatzea erabaki du: 50, 100 eta 200 metro bizkar, 100 metro libre eta 50 metro tximeleta.

Gustukoenak 100 metroko bizkar proba eta proba librea dituen arren, Gaitanek garbi ditu helburuak: "Euskal Herriko Txapelketan baino hobeto aritzea nahi dut, eta ahal badut, nire markak hobetzea". Denboraldia ongi joan dela dio hark. Horregatik, gustura dago, "igeri egitean hainbat gorabehera izan arren, klubeko kideekin esperientzia onak" bizi izan dituelako.

Ea primerako asteburua pasatzen duen eta helburuak lortuta gustura itzultzen den. Aupa, Olaia!

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide