Manex Ansorregi Gipuzkoa Basket taldean arituko da datozen hiru denboraldietan

Andoni Elduaien 2023ko uzt. 11a, 12:07
Manex Ansorregi. (Andoni Elduaien)

Urrezko LEB Ligan jokatzen jarraituko du Ansorregik, gutxienez beste urte batez; izan ere, datozen hiru denboraldietan arituko da saskibaloi jokalari azkoitiarra Guuk Gipuzkoa Basket taldean. Etzi, osteguna, aurkeztuko dute Ansorregi Donostian.

Manex Ansorregi saskibaloi jokalari azkoitiarrak Guuk Gipuzkoa Basket taldean jokatuko du datozen hiru denboraldietan. Azkoitiarrak Juaristi ISB taldea utziko du, bere ibilbidea Donostiako taldean eta Urrezko LEB Ligan egiten jarraitzeko. Gaur eman du fitxaketaren berri Gipuzkoa Basketek, eta azaldu du Ansorregi "Urrezko LEB Ligako jokalari gazte onenetarikoa" izan dela azken urteetan ISBn. Iragan denboraldian, batez beste, zortzi puntu saskiratu eta lau errebote bereganatu zituen Juaristi ISBn.

Donostiako taldearen arabera, hegaleko azkoitiarra fitxatzeko interesa erakutsi duten "beste klub batzuen eskaintzak" ere jaso ditu jokalariak, baina, azkenean, Gipuzkoa Basket taldearekin lortu du akordioa. Juaristi ISBn egindako lanari esker, gainera, 22 urtez azpiko Espainiako selekzioak deitu zuen azkoitiarra.

Ansorregiren fitxaketarekin, Gipuzkoa Basket taldeak, guztira, bost jokalari ditu lotuta datorren denboraldirako, eta horietatik hiru dira Azkoiti-Azpeitikoak; Ansorregiz gain, Xabi Oroz azkoitiarrak eta Aitor Zubizarreta azpeitiarrak ere taldean jarraituko dute –Mike Carlson eta Mikel Motos dira beste biak–. Halaber, Gipuzkoa Basketek nabarmendu du azkoitiarren fitxaketak erakusten duela klubak Gipuzkoako talentuari eusteko eta berriak erakartzeko duen apustua "irmoa" dela.

Ansorregi ostegunean aurkeztuko du Gipuzkoa Basketek Donostiako Olaraingo Ikastetxe Nagusian, 10:30ean. Alboan izango du azkoitiarrak Jose Luis Zubizarreta Xubi klubeko kirol zuzendari berria.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide