Ikusmin handia piztu du Garbiñe Muguruza tenislariak Txerloira egindako bisitak

Andoni Elduaien 2023ko uzt. 7a, 21:21

Jende asko bildu da arratsaldean Txerloiko tenis pistetan, Garbiñe Muguruza tenislariari nahiz haren etxekoei harrera egiteko. Omenaldi xumea jaso du tenislariak, eta bere izena hartuko duen estalitako pista ofizialki inauguratu du. "Guztiz hunkituta" agertu da Muguruza bere aitaren jaioterria bisitatu izanagatik.

Garbiñe Muguruza tenislari ospetsuak Azkoitiko Txerloiko tenis pistak bisitatu ditu gaur, ostirala. Ikusmin handia piztu du haren bisitak, jende olde handia elkartu baita aurrerantzean Muguruzaren izena eramango duen Txerloiko estalitako tenis pistaren bueltan. Ana Azkoitia alkatearekin batera hunkituta iritsi da 17:00etarako tenislaria tenis pistetara, eta alkateak berak egin dio ongietorria. "Plazerra da gaur gurekin munduko tenislari onenetarikoa izatea", hasi da alkatea. "Komunikabideetan ikusi izan dugu, eta gaur Txerloiko pistetan dugu. Udalaren izenean eskerrak eman nahi dizkiot Garbiñeri, hasieratik pozik hartu zuelako gure gonbidapena eta erraz jarri dizkigulako gauzak".

Gaurko ekitaldia xumea izan da, baina, era berean, berezia; izan ere, bere aitaren jaioterria bisitatu du tenislariak aurrenekoz. Hain justu, Jose Antonio Muguruza aita jaio zen San Martin auzoko Rikardo Otaño kalean izan da goizean tenislaria aitak eta bere gertukoek lagunduta. Alkateak esan du "garrantzitsua" dela "nondik gatozen" eta "aurrekoak zein izan diren" jakitea, baita horiek egin duten "bidea" ezagutzea ere. "Etorkizuna beste begi batzuekin ikusten laguntzen du. Nor garen ohartarazten gaitu, eta hori beti da ariketa hunkigarria".

Segidan, dantzariek aurreskua dantzatu diete gaurko protagonista nagusiari, haren aitari, Ainhoa Peña eta Karmen Zendoia Txerloia tenis klubeko arduradunei eta Azkoitia alkateari, Igor Isuskiza Kirol zinegotziari nahiz Goizane Alvarez Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Kooperazio, Gazteria eta Kirol diputatuari. Tenis klubeko bi haurrek loreak eman dizkiote gero tenislariari, eta Muguruzak bere izena eramango duen tenis pista inauguratu du. Arropaz aldatzeko minutu batzuk hartu ditu protagonistak, eta laster itzuli da pistan zain-zain zituen haurrengana eta gaztetxoengana. Txerloia tenis klubeko ikasleekin jolasean aritu da aurrena, eta partida txiki bat ere jokatu du binaka. Aitaren begiradapean aritu da une oro tenislaria.

Kameren aurrean ere egin ditu azalpenak tenislariak, eta esan du "guztiz hunkituta" dagoela Azkoitia bisitatu izanagatik. Ume asko izan ditu bere begira arratsaldean, eta horrek "asko poztu" du Muguruza. "Haurra nintzenean, niri ere asko gustatzen zitzaidan profesionalei begira egotea. Pentsatzen dut beraiei ere ilusioa egingo diela niri galderak egitean". Muguruza lehiatzeari utzita dago gaur-gaurko. Garaipenik lortu gabe bost hilabetez egon eta gero, bere tenis jarduna etengo zuela iragarri zuen otsailean. Dena den, "oso ondo" sentitzen dela adierazi du hark. "Ondo etorri zait pixka batean gelditzea. Familiakoekin eta lagunekin egoteko aukera izan dut, gaur hemen Azkoitian egotekoa ere bai; horrelako gauzek asebete egiten naute". Gainera, adierazi du ez duela pistetara itzultzeko datarik jarri nahi: "Data jarriz gero, ez da behar bezalako atsedenik hartzen. Lasai egotea nahi dut, eta tenisaren falta sumatzen dudanean edo gogoa egiten zaidanean itzuliko naiz". Tenislariaren aita ere "hunkituta eta gustura" agertu da gaur Azkoitia bisitatu izanagatik. "Oso gustura egon gara, eta oroitzapen ona eramango dut. Sentitu dut jendeak asko maite gaituela bai ni, bai nire alaba".

Kantxa agurtu aurretik Muguruzak familia argazkia atera du pistan bildutako lagun guztiekin. Halaber, tenis klubeko ikasleen galderei erantzun die, opariak banatu ditu eta gaztetxoen eskakizunei erantzun die dozenaka sinadura eginez. Irribarretsu agurtu du bere kantxa tenislariak. Aitaren herriarekin zuen lotura inoiz baino sendoagoa da orain.

Erlazionatuak

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide