Garbiñe Muguruzaren bisita, irudietan

Andoni Elduaien 2023ko uzt. 7a, 22:42

Garbiñe Muguruza tenislariak Azkoitiko Txerloiko tenis pistak bisitatu ditu gaur arratsaldean. Ongietorria egin diote aurrena hari eta haren etxekoei, eta Txerloia tenis klubeko tenislari gazteekin jolasean nahiz solasean aritu da gero. 

Ikusmin handia piztu du Garbiñe Muguruza tenislariaren bisitak Azkoitian, eta horren erakusgarri izan da gaur arratsaldean Txerloia auzoa. Hango tenis pistak herritarrez eta tenis zaleez goraino bete da. Ordu eta erdi inguruko bisita egin du Muguruzak Txerloian. Agintarien eta herritarren ongietorria jaso du aurrena tenislariak, eta gero, Txerloia tenis klubeko haurrekin jolasean aritu da.  Tenis klubeko ikasleen galderei erantzun die, opariak banatu ditu eta gaztetxoen eskakizunei erantzun die dozenaka sinadura eginez.

Garbiñe Muguruzak egun bete-betea izan du. Bere aita Jose Antonio Muguruzarekin eta Arthur Borges mutil-lagunarekin batera, udaletxea bisitatu du goizean, eta bertan Ohorezko Liburua sinatu zuen. Aitona eta birraitona agertzen diren 1846ko argazki bat eman dio alkateak, eta une hunkigarria bizi izan du orduan. Luis Mendizabal azkoitiarrak, tenislariaren urruneko senideak, alkatearen esku utzi du opari gisa Muguruzari eman diezaion.

Udaletxea bisitatu ondoren, tenislariak eta bere aitak San Martin auzoa zeharkatu dute, eta bertan Garbiñe Muguruzak bere aitaren jaiotetxea ezagutu ahal izan du.

(Argazkiak: Andoni Elduaien eta udala)

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide