Aritz Aranbarri: "Leganes klub perfektua izan daiteke niretzat hazten eta hobetzen jarraitzeko"

Andoni Elduaien 2023ko uzt. 6a, 15:20
Aranbarri eta Indias, gaurko aurkezpenean. (Leganes)

Aranbarrik "lekuz aldatzeko gogoa" zuela adierazi du eguerdian eskaini duen prentsaurrekoan, eta argitu du "hasieratik" zuela garbi Leganesen aritu nahi zuela. Denboraldi berriari ekiteko "ilusio eta gogo handia" dituela esan du azkoitiarrak.

Ekainaren 22an ofizialdu zuen Madrilgo Leganes futbol taldeak Aritz Aranbarri futbol jokalari azkoitiarraren fitxaketa, eta gaur, osteguna, aurkeztu dute klubaren instalazioetan. Espainiako Bigarren Mailan arituko dela eta, "eskertuta" agertu da Aranbarri prentsaren aurrean. Halaber, azkoitiarrak adierazi du "lekuz aldatzeko gogoa" zuela, eta "hasieratik" zuela garbi Leganesen aritu nahi zuela. "Leganes klub perfektua izan daiteke niretzat hazten eta hobetzen jarraitzeko", esan du.

Denboraldiari ekiteko "ilusio eta gogo handia" dituela esan du Aranbarrik, baita "denboraldi on bat" egiteko ere. Sasoi berrirako osatuko duten taldeaz eta helburuez ere galdetu diote hari, eta honako hau esan du: "Helburua garbia da. Zale guztiek egotea nahi duten mailan egon behar du Leganesek, Lehen Mailan. Iritsi berriak garenokin eta etorriko direnekin aldatu egingo da taldea, baina anbiziotsuak gara. Lehen partidetan konfiantza hartu eta indartsuak izaten ahaleginduko gara, denboraldi on bat osatu ahal izateko".

Txema Indias Leganes futbol taldeko kirol arduradunak lagundu dio aurkezpenean azkoitiarrari, eta hark azaldu du "aspalditik" ezagutzen zutela Aranbarri. "Orainaldi eta etorkizun handia dituen jokalaria da, aspalditik ezagutzen duguna. Realetik datorren jokalaria da; han egin du haurra zenetik gaur arteko ibilbidea. Pausoak ematen joan da klubaren barruan, eta Espainiako Bigarren Mailara igoera ere lortu zuen Reala B taldearekin. Gainera, irabazi egin ziguten denboraldi hartako lehen jardunaldian. Realaren lehen taldean ere aritu da behin baino gehiagotan".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide