CheckBoyz: "Geure burua adierazteko modu gisa aukeratu dugu musika"

Urtzi Oteiza eta Unax LarraƱaga 2023ko uzt. 6a, 15:00

Duela hiru urte sortu zen CheckBoyz taldea, Azkoitiko eta Azpeitiko zortzi gaztek raparekiko duten pasioa oholtzara igotzeko asmoz. Anposki, Oli, Feli, Useff, GSH, Flexa, River eta Arkarekin elkartu da hedabide hau Azkoitiko Matadeixen, beraien sormen prozesuari buruz eta musikari buruz solasean jarduteko. Hain zuzen ere, Mataidexen izango dute beraien hurrengo kontzertua, larunbatean, 22:30ean.

Zer da CheckBoyz zuentzat?

River: Bakoitzak bere burua adierazteko eta gozatzeko modu egoki gisa musika aukeratu duen gazte talde bat da CheckBoyz. Bizitzako kontuak kontatzen ditugu, gazteentzako, eta gehienbat guretzako, erakargarria den modu batean.

Feli: Hori da. Azkenean, taldeak elkartzen gaitu eta harreman polit bat aurrera eramatea ahalbidetzen digu. Lagun talde bat baino gehiago gara.

Zein taldekidek osatzen duzue CheckBoyz?

River: Taldea Arka, Oli, Feli, Anposki, GSH, Flexa, Useff eta nik, Riverrek, osatzen dugu, horiek dira musikarako gure izen artistikoak.

Noiz eta nola sortu zenuten taldea?

Feli: Duela hiru urte sortu genuen taldea, baina hasieran rapeko batailak bakarrik egiten genituen. Horietan edozer esan diezaiokezu aurkariari; batzuek iraintzeko soilik direla diote, baina guk ondo pasatzeko egiten genituen. Hortik abiatu ginen; gero, bakoitza bere aldetik musika sortzen ari ginela ikusi genuen, eta elkartu eta talde bat eratzea erabaki genuen. Azpeitiko lagun askorekin ibili ginen batailak egiten Loiolan, Lanbide Heziketako eskolan...

River: Gainera, asko gustatzen zaigu musika. Denbora guztia musika entzuten pasatzen dugu, eta azkenean, geuk egiteko gogoa sartzen zaigu, ez entzuteko bakarrik.

Guztiok batera idazten al dituzue kantak, edo bakarka jarduten duzue?

Flexa: Normalean bakarka idazten ditugu kantak, bakoitzak bere etxean, eta gero, noizean behin, elkartu egiten gara. Orain, zati instrumentalak Riverrek egiten dizkigu, baina lehen, Youtubetik hartzen genituen. Zati instrumentala hartu eta gainetik kantatzen dugu.

Useff: Prozesua ez da beti berdina izaten; kantu batzuk banaka egiten ditugu, beste batzuk binaka, hirunaka, talde osoak batera… Horren arabera ere aldatu egiten da sormen prozesua, baina aurrez esan bezala, askotan bakoitzak bere etxean idazten ditu kantak, eta gero, guztiok bildutakoan grabatzen ditugu. Beste batzuetan, guztiok batzen gara eta momentuan bertan egiten dugu zati instrumentala, idatzi egiten dugu, eta guztia  arratsalde berean grabatzen dugu.

Zein dira zuen erreferenteak?

Oli: Guztiok ez gara momentu berean hasi rapa entzuten, ez zaigu guztioi berdin iritsi, eta ez ditugu erreferente berak.

Zer du rapak beste musika mota batzuek ez dutena?

GSH: Rapak badu gauza bat asko gustatzen zaidana: basea jarri eta hitz egitea dela. Letra oso zuzena izaten du.

Oli: Niri ere hitzetan eta esatea nahi duzun horretan zentratzen dela gustatzen zait, beste guztia albo batera utziz. Pertsonalki, errazagoa egiten zait kanta batean gauzak esatea hitz egitea baino. Rapean ez zaitu kantatzeak edota instrumentua jotzeak despistatzen, gauza bakarra baloratu behar duzu, eta horretan zentratu behar zara. Nire ustez, zerbait adieraztea funtsezkoa da.

Hitzen gordintasunak raparen jatorriari buruz hitz egitera eramaten du. Rapa egiteko egoera txar bat bizi behar al da aurretik?

Arka: Nire ustez, egoera onek ere eragina dute hitzak idazterakoan.

Anposki: Barruan duzuna husteko inspirazio bezala balio du rapak egoera txarretan, baina ez du derrigorrez zerbait traumatikoa izan behar. Musika guztiok egin dezakegu. Nolako bizitza polita duzun kontatzea nahi izatea ere ondo iruditzen zait.

Ba al dago eskualdean rap musikarekiko zaletasunik?

Anposki: Nik, adibidez, hemen ingurukoak asko entzun izan ditut; Gasteizko Ziakhus, besteak beste, nahiz eta ez izan hain gertukoa. Pixkanaka, gero eta jende gehiago ari da sartzen rap munduan, eta guk geuk ere mugimendu txiki bat sortu dugu. Badago zaletasuna, ez agian beste musika mota batzuek sortzen duten bezalakoa, baina ugaritzen ari da.

Arka: Gero eta jende gehiago ari da musika egiten, batailetara lehen baino jende gehiago azaltzen da, eta pixkanaka, badirudi zaletasuna handitzen ari dela.

Euskarazko rapa egitea pentsatu al duzue?

Anposki: Bai, eta hasita ere bagaude. Useffek eta nik, adibidez, egin genuen kanta bat euskaraz. Nik neuk ere sartu izan ditut euskarazko zatiak nire abestietan; hizkuntzak nahastea gustatzen zait. Dudarik gabe, euskarazko kanta gehiago egingo ditugu.

Etorkizunera begira, zer asmo dituzue?

Useff: Zaila da galdera. Bi urte daramatzagu maiztasun handiarekin elkartzen, eta ari gara kontzertuetatik diru pixka bat biltzen, nahiz eta batzuetan ez diguten ordaindu. Pixkanaka, gero eta material hobea lortzen saiatzen ari gara, bideoetan gehiago inbertitzen, arropa marka egiteko asmoa ere badugu, pare bat kamiseta ateratzeko… Ahal duguna egiten ari gara zabaltzeko eta produktuaren kalitatea hobea izateko.

Flexa: Etorkizun hurbilean disko bat egitea ari gara planteatzen. Laster, Valladolidera (Espainia) goaz, Anposkiren etxera, eta han elkartuko gara zortziok. Bertan zati instrumentalak sortuko ditugu, eta jada idazten hasi garen hitzei forma emango diegu. Seguruenik, uda amaiera aldera disko berria kaleratuko dugu. Taldearentzat pauso handia izango dela iruditzen zaigu.

Azkoitiko Matadeixen eman behar duzue hurrengo kontzertua. Zer aurreikuspen dituzue egun horretarako?

Flexa: Aurreikuspen onak ditugu. Gustu handiz kantatuko dugu bertan.

Useff: Matadeixen bertan elkartu izan gara azken bi urteetan ostiralero, jada gure bigarren etxea bilakatu da. Estudioa ere gertu dugu, eta bertan egoten gara beti. Beraz, gogo handia dugu larunbateko kontzerturako.

Erlazionatuak

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide