Matadeixeren 27. urteurrena ospatuko dute larunbatean

Andoni Elduaien 2023ko uzt. 6a, 09:04
Matadeixe kulturgunea, barrutik. (Ainhoa Beristain)

Eguerditik gauerdira bitarteko egitaraua prestatu dute Matadeixeko kideek etzirako. Bazkaria, serigrafia saioa eta kontzertuak izango dira han. Bihar, berriz, Maria Paz Aedo txiletar soziologoarekin eta ikerlariarekin kafe tertulia egingo dute, 16:00etatik aurrera.

Etzi, larunbata, Matadeixeren 27. urteurrena ospatuko dute. Egun osoko egitaraua prestatu dute etzirako; izan ere, eguerditik gauerdira bitartean izango dira ekintzak han. Lagunarteko bazkariarekin ekingo diote zapatuko jaiari kulturgunean.

Arratsaldean jarraituko du festak han. 18:00etan, azken urteetan ohiko hitzordua bihurtu den serigrafia tailerra egingo dute; tailerraren bidez eskulanetan murgiltzeko aukera izango dute hara bertaratzen diren herritarrek. Gauean, 22:30etik aurrera, Azkoitiko Check Boyz rap taldeak borobilduko du eguna, eta ondoren mikro irekia izango da.

Bihar, hitzaldia

Bihar, bestalde, Maria Paz Aedo txiletar soziologoarekin eta ikerlariarekin topaketa egingo dute Matadeixen. Aedo Txileko Centro de Analisis Socioambiental erakundeko kidea da, eta gatazka sozio-ekologikoen ikerketan nahiz formazioan dihardu. Latinoamerikako Observatorio de Energia y Equidad erakundeko eta bidezko trantsizio baten aldeko proiektuetako kidea ere bada txiletarra.

Hitzaldiaren aurretik, eguerdian elkartuko dira Matadeixen bazkaria egiteko (14:00etan) –parte hartzea aurrez baieztatzeko eskatu dute–. Kafearen ondoren, 16:00etatik aurrera hitzaldi-tertuliari ekingo diote. Besteak beste, hizpide izango dituzte berriztagarrien zein ekoizpen katearen inpaktuak eta kolonialismoak nahiz teknooptimismoak. Azken puntu horretan hegoaldeko aukerak eta perspektibak aztertuko dituzte.

Saioa bideo emanaldi batekin itxiko dute. Hain justu, trantsizio energetikorako alternatiba feministak zein diren argituko dute ikus-entzunezkoarekin. Dena den, hemengo egoerari lotuta atera daitezkeen proposamenak ere landuko dituzte.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide