Duela 50 urte lortutako balentria ospatuko du Anaitasunak larunbatean

Andoni Elduaien 2023ko uzt. 5a, 11:42
Cacereñoren aurkako finala hasi aurreko irudia, Altzibarko futbol zelaian. (Utzitakoa)

Afizionatuen Espainiako Kopa Txapelketa irabazi zuen Anaitasuna futbol taldeak 1972-1973 denboraldian, eta orduko taldekideek ospakizun eguna izango dute larunbatean. Eguerdian, meza egingo dute parrokian, eta 14:30ean, lagunarteko bazkaria, Joseba jatetxean.

Anaitasuna futbol taldeak bere historiako balentria handienetako bat lortu zuen duela 50 urte. Hain justu, afizionatuen Espainiako Kopa Txapelketa irabazi zuen herriko futbol taldeak 1973ko uztailaren 8an, eta orduan lortutakoa gogoratzeko, ospakizun eguna izango dute larunbatean.

1972-1973 denboraldia ahaztezina izan zen futbol taldearentzat; izan ere, 1973ko martxoaren 19an, afizionatuen mailako Gipuzkoako Kopa Txapelketa irabazi zuen aurrena talde gorritxoak. 3-1 nagusitu zen Azkoitiko futbol taldea Tolosaren aurka, Lasarte-Oriako (Gipuzkoa) Michelin zelaian. Martxoaren 18an egin zion omenaldia Anaitasunak orduko talde hari, Barakaldoren aurka Txerloian jokatutako partidan.

Gipuzkoan bakarrik ez, Espainian ere txapelduna izan zen talde hura. Gipuzkoako txapeldun izendatuta, Espainiako txapelketara sailkatu zen taldea, eta guztira, lau kanporaketa gainditu zituen finalera iristeko. 1973ko uztailaren 1ean jokatu zuten finalaren joanekoa Cacereñoren aurka Caceresen (Espainia), eta 3-2 galdu zuen han Anaitasunak. Altzibarko futbol zelaian jokatu zuten itzulerakoa urte hartako uztailaren 8an, eta gorritxoek 4-1 irabazi zieten Cacereñokoei, hala afizionatuen Espainiako Kopa Txapelketa irabaziz.

Larunbatean gogoratuko dute berriz ere garaipen hura. Aurrena, 12:30ean, denboraldi hartako Anaitasunako batzordekideak eta taldekideak zirenak oroituko dituzte Andre Mariaren Jasokundeko parrokian egingo duten mezan. Elizkizunaren ondoren, berriz, lagunarteko bazkaria egingo dute Joseba jatetxean.

Bosco Ensidesaren aurka Altzibarren jokatu zuten partida aurreko argazkia. (Utzitakoa)

Garaipen ahaztezina

Juan Ramon Olalde Kinttela (Azkoitia, 1952) talde hartako jokalarietako bat izan zen; eskuin hegaleko atzelaria izan zen hura. Beste hainbat lagunekin batera, hura ari da larunbateko ospakizuna antolatzen egungo zuzendaritza batzordearekin batera. Duela 50 urte, Urrategiko Amaren eguna egokitu zen uztailaren 8a, eta txapelketa irabaztea lortu zuten egun bera baliatu nahi izan dute berriro elkartzeko eta lorpena ospatzeko. "Garaipena lortu genuen egunean bertan ospatu nahi izan dugu eguna", azaldu du Olaldek. 

Bost hamarkada igaro badira ere, ondo gogoan du Olaldek egun hartan bizitakoa. "Cacereñoren aurkako finalaren egunean, Altzibarko zelaia bete-bete egin zen; hura gehiegikeria handi bat izan zen. Gure mailako talde batentzat imajinaezina zen egun hartan zaleen aldetik jasotako babesa. Altzibarko zelaian ez zen zen txintxeta bakar bat ere sartzen, horma gain guztiak beteta zeuden, futbol zelaiaren kanpoko belardian ere jendea egon zen kanpotik ikusten, baita Urrategirako errepidean ere. Altzibarko etxe guztiak, berriz, gainezka egon ziren".

Honela egin zuen Anaitasunak afizionatuen Espainiako Kopako Txapelketa lortzeko bidea:

  • Final hamaseirenak:
    • Portugaleten (Bizkaia): Portugalete 1-2 Anaitasuna.
    • Altzibarren: Anaitasuna 6-1 Portugalete.
  • Final zortzirenak:
    • Avilesen (Espainia): Bosco Ensidesa 1-2 Anaitasuna.
    • Altzibarren: Anaitasuna 1-2 Bosco Ensidesa (luzapenean 2-2, eta Anaitasuna aurrera).
  • Final laurdenak:
    • Erandion (Bizkaia): Erandio 2-1 Anaitasuna.
    • Altzibarren: Anaitasuna 2-1 Erandio (luzapenean 3-1, eta Anaitasuna aurrera).
  • Finalerdiak:
    • Altzibarren: Anaitasuna 4-2 Tolosa.
    • Tolosan (Gipuzkoa): Tolosa 2-1 Anaitasuna.
  • Finala:
    • Caceresen (Espainia): Cacereño 3-2 Anaitasuna.
    • Altzibarren: Anaitasuna 4-1 Cacereño.

Erakusketa, Portaleburun

Ospakizun egunaz gain, asteburuan zehar denboraldi hartako materiala herritarrei zabaltzeko erakusketa jarriko dute herriko plaza nagusian dagoen Portaleburu erakusketa aretoan. Besteak beste, Anaitasunarentzat gogoangarria izan zen denboraldi hartako argazkiak ikusi ahal izango dituzte hala nahi dutenek.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide