Baztartxora lekualdatu dute Euskadiko Ikasleen Jazz Orkestraren larunbateko kontzertua

Andoni Elduaien 2023ko eka. 29a, 15:37
Atzo Abaraxkan eskainitako kontzertuko irudi bat. (Alain Sancho/EIJO)

Hasiera batean, Euskadiko Ikasleen Jazz Orkestrak (EIJO) Balda plazan eman behar zuen kontzertua 20:00etan, baina, azkenean, Baztartxo antzokian eskainiko dute, 19:00etan. Herritarrek doan gozatu ahal izango dituzte orkestra gaztearen jazz doinuak.

Euskadiko Ikasleen Jazz Orkestraren (EIJO) larunbateko kontzertuan aldaketak iragarri dituzte. Zapatuan, EIJO Balda plazan (20:00) zen eskaintzekoa kontzertua, baina eguraldi iragarpenak nahiz kontzertua kalean eskaintzeko baldintzak tarteko, emanaldia Baztartxo antzokira lekualdatzea erabaki dute orkestrako kideek. Gainera, 19:00etara aurreratu dute saioa. Dena den, emanaldia doan ikusteko aukera izango dute hala nahi dutenek. 

Azkoitiko Abaraxka aterpetxean egonaldia egiten ari da aste honetan banda gaztea; izan ere, bi kontzertu dituzte programatuta aste honetarako herrian. Lehen emanaldia atzo, asteazkena, eskaini zuten aterpetxean bertan. Giro ederrean aritu ziren orkestrako zenbait musikari jendaurrean, eta saio "informala" eskaini zuten, inprobisazioari edo bat-batekotasunari bide emanez. Zapatuan, ordea, aste osoan egindako lanean oinarrituko da orkestra; izan ere, Abaraxkan entseatutako errepertorio guztia joko dute.

Euskal jazz orkestrarik gazteena 2014. urtean jarri zituen abian, jazz banda gazte baten hutsuneari erantzuteko. Gaur-gaurkoz, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 30 ikasle aurreratuenek osatzen dute banda, eta besteak beste, saxofoi, piano, bateria, baxu, tronboi edota tronpeta ikasleek parte hartzen dute. Dena den, euskal musika tresnei ere lekua egin diete, eta txalaparta, trikitia, txistua eta alboka jotzen duten kideak ere badaude orkestran. Hain justu, Itxaso Alberdi azkoitiarra da EIJOko kideetako bat; hark pianoa jotzen du orkestran.

Orkestrako zenbait kide atzo, Abaraxkan. (Alain Sancho/EIJO)

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide