Euskal jazz orkestrarik gazteena, Azkoitian

Andoni Elduaien 2023ko eka. 28a, 08:49
Alain Sancho zuzendaria eta Itxaso Alberdi piano jotzaile azkoitiarra, Abaraxkan. (EIJO)

Euskadiko Ikasleen Jazz Orkestra (EIJO) Azkoitian ari da egonaldia egiten egunotan. Gaur eta larunbatean bi kontzertu eskainiko ditu orkestrak. Itxaso Alberdi azkoitiarra da orkestrako kideetako bat.

Euskadiko Ikasleen Jazz Orkestra (EIJO) Azkoitiko Abaraxka aterpetxean ari da egonaldia egiten aste honetan; izan ere, gaur, asteazkena, eta larunbatean kontzertu bana emango du bandak herrian. Gaur, aterpetxean bertan eskainiko du orkestrak kontzertua (22:00), eta zapatuan, Balda plazan (20:00). Ordea, larunbatean euria egingo balu, emanaldia Baztartxora lekualdatuko dute. Dena den, egunean bertan hartuko dute erabakia.  

Jazz banda gazte baten hutsuneari erantzuteko, 2014. urtean jarri zuten abian EIJO. Alain Sancho (Bilbo, 1981) da zuzendaria, eta hark dio garai hartan musika klasikoari dagokionez "oso sendo" zegoela musika irakaskuntza kontserbatorioetan. Jazz giroko irakaskuntza ere "martxan jarrita" zutela dio Sanchok, bereziki 2001ean Musikenen jazza irakasten hasi zirenez geroztik. Dena den, erdi mailako kontserbatorioetan "zerbait falta" zela sumatuta, bide bat irekitzen hasi ziren. "2009an, jazza irakasten hasi ginen banakako klaseak eskainiz, baina musika klasikoan aspalditik zegoenaren moduko jazz banda handi bat falta zela iruditzen zitzaigun. Halaber, euskal kulturako musika tresna tradizionalek ez zuten lekurik irakaskuntza ofizialean, edota, gutxienez, horiek sendotu egin behar zirela sumatzen genuen". Hala abiatu zuten jazz musika proiektua.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikaslerik aurreratuenak biltzeari ekin zioten gero banda osatzeko. Gaur-gaurkoz, 30 bat lagunek osatzen dute EIJO, eta besteak beste, saxofoia, pianoa, bateria, baxua, tronboia edota tronpeta ikasten duten ikasleek parte hartzen dute. Dena den, euskal musika tresnei ere lekua egin diete, eta txalaparta, trikitia, txistua eta alboka jotzen duten kideak ere batu dira orkestrara.

Alain Sancho (EIJOren zuzendaria): "Helburua da EIJO gazteentzako hasierako proiektu bat izatea"

Hain justu, Itxaso Alberdi (Azkoitia, 2006) da orkestrako kideetako bat. Aurten batu da orkestrara hura, eta pianoa jotzen aritzen da. Iaz ezagutu zuen EIJO azkoitiarrak. "Azkoitiko Abaraxkara etorri zirenean izan nuen orkestraren berri; aurrez ez nuen ez entzun, ez ikusi orkestra hori. Azkoitian izan zirenean ez nuen orkestra bertatik bertara ikusterik izan, baina amak esan zidan niretzat oso aberasgarria izan zitekeela bertan parte hartzea. Hori horrela, izena ematea erabaki nuen". Sarrera probak egiteko izena eman, eta Donostiako Kontserbatorioan egin zuen azterketa Alberdik; hura gaindituta batu da EIJOra. Azkoitiarrak dio "sekulakoa" dela beretzat orkestra gazteko partaide izatea. "Ez nuen inoiz imajinatuko horrelako orkestra baten partaide izango nintzenik; goi mailako kontu bat da niretzat, eta oso gustura nago".

Banda berezia

Azkoitiarraren esanetan, gazteek osatutako orkestra izateak "erakargarria" egiten du EIJO. "Musikari helduek jotzen duten orkestretatik kanpo, aukera bat dela ikusten dut gazte musikariontzat. Musika ikasten ari diren gazteek horrelako banda batean jotzeko okasioa dutela ikustea, eta bereziki, orkestran euskal musika tresnak erabiltzen dituztela jakitea aukera bat da". Bide beretik jo du Sancho zuzendariak ere. EIJO ikasgela zabal bat izatea nahi du hark. Proiektuak "gaurkotasuna" eta "etorkizuna" ditu haren ustez. "Helburua da gazteentzako hasierako proiektu bat izatea; EIJO haientzako sare sozial baten modukoa izatea nahi dugu. Ikasleak orkestrara etorri eta musika elkarbanatuta, ikasleak profesionalak izan daitezen eta beren artean taldeak sor ditzaten nahi dugu". Zuzendariaren esanetan, gainera, "helburuak betetzen" ari dira. "Zenbait ikasle profesionalak dira dagoeneko edo izateko bidean daude. Goi mailan ikasten ari dira, eta askorekin eszenatokiak elkarbanatzen ari gara gure bizitza profesionalean".

Orkestrak "soinu oso berezia" du zuzendariaren aburuz. "Jazzetik abiatuta, euskal tradiziora hurbildu gara euskal instrumentuak sartuz; dena den, berriro jazzari eta musika garaikideari begira ere jarri gara konposizio propioak eginda. Azken urteetan egin dugun programa guztia guretzako idatzia izan da; izan ere, konpositoreek pieza oso bereziak idazten dituzte guretzat. Hori da orkestra honen ezugarri aipagarriena".

Itxaso Alberdi (EIJOko piano jotzaile azkoitiarra): "Ez nuen inoiz imajinatuko EIJOko partaide izango nintzenik"

Estilo askotako doinuak eskaini ohi dituzte emanaldietan; bai euskal tradizioa "urratzen" duten konpositoreek idatzitako lanak, bai "bestelako bideak urratzen" dituzten artistenak ere. "Konpositore bakoitzak bere estiloa du musika idazteko, eta horregatik, gure errepertorioa nahiko zabala da. Esaterako, artista batzuk musika latinotik etorritakoak dira, edota besteek gustukoago dute antzinako jazza". Iaz euskal folklorera gehiago hurbildu baziren ere, aurten musika garaikideko doinuak ari dira eskaintzen. Modu horretan, ikasleei ikasteko bideak zabaldu egiten zaizkiela uste du Sanchok. "Konpositorearen eskua nabaritu egiten da kanta idazterakoan, eta hori ere bada didaktikoki aberasgarria ikasleentzat, bestelako estiloak ere lantzen baitituzte".

Euskadiko Ikasleen Jazz Orkestrako partaideak. (EIJO)

Bigarren urtez jarraian

Iaz izan zen aurreneko aldiz EIJO Azkoitian. "Oso oroitzapen onak" gordetzen dituzte, eta horregatik erabaki dute berriro itzultzea. Azkoitiko "egonaldiaz gozatzen" ari dira, zuzendariaren esanetan. Gaur, Abaraxkan emango dute kontzertua, eta Sanchoren arabera, larunbatekoa baino "informalagoa" izango da. "Freskoagoa izango da, polita eta dibertigarria". Aldiz, larunbatean Balda plazan eskainiko duten emanaldia "formalagoa" izango da. "Aste osoan egindako lanean oinarrituko da kontzertua; orkestrak entseatutako errepertorio guztia joko du. Dena den, biak izango dira politak, bakoitza bere erara". Alberdi herrikideen aurrean arituko da, eta "ilusioz" dago hura. "Ezagutzen dudan jendea izango dut aurrean, eta berezia izango da".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide