Udal eta foru hauteskundeak 2023

Ana Azkoitia: "Izan daitezela herrigintzarako gure oinarriak elkarrizketa, akordioa eta elkarlana"

Ane Olaizola - Andoni Elduaien 2023ko eka. 17a, 16:42

Ana Azkoitia izango da 2023-2027 agintaldiko Azkoitiko alkate berria. Azken unera arte airean egon da alkatetza noren esku izango zen Azkoitian, eta azkenean, talde bakoitzak bere buruari eman dio botoa, PSE-EEk izan ezik; hark, EAJri eman dio. Horrenbestez, Azkoitiak hartu du alkate makila Javier Zubizarretaren eskutik. Jeltzaleek gehiengo soilarekin aginduko dute datozen lau urteetan. Erlo Telebistak gaurko kargu hartze ekitaldiko irudiak hartu ditu udaletxeko bilkura aretoan.

Ana Azkoitia da Azkoitiko alkate berria. EAJk hirugarren agintaldiz segidan hartu du herriko agintaldi makila; hain justu, Javier Zubizarreta azken bi agintaldietan alkatea izan denaren eskutik jaso du gaur eguerdian aginte makila Azkoitia alkate berriak.

EAJk, EH Bilduk eta Azkoitia Bai herri plataformak, hirurek aurkeztu dituzte alkatetzarako hautagaitzak gaurko kargu hartze ekitaldian, baina hirurek egin dute beraien zerrendaren alde; PSE-EEk, berriz, EAJren aldeko botoa eman du. Hori horrela, gehiengo soilarekin, baina Ana Azkoitia EAJren zerrendaburua izendatu dute alkate. EAJk zortzi boto jaso ditu, EH Bilduk sei eta Azkoitia Baik hiru.

Alkate izendatu ostean, Ana Azkoitiak azaldu du "herrigintzarako oinarriak elkarrizketa, akordioa eta elkarlana izan daitezen nahi duela". "Batzen gaituzten proiektuak hartuta eta batzen ez gaituztenetan ardurak banatuta, izan daitezela Azkoitiarentzat eta azkoitiarrentzat lau urte oparo, herritarrak, udal langileak, elkarteak eta eragile desberdinak bidelagun ditugula. Lanerako, bizitzeko eta gozatzeko Azkoitia; bailara lehiakorra eta erakargarria, eta udal irekia, prestua eta gertukoa eraikitzen jarraitu nahi dugu".

Azkoitiak azaldu du astelehenetik aurrera hasiko den agintaldi berrirako "prest" eta "lanerako gogoz" daudela. "Ez ditugu guztien nahiak aseko, ez baitago guztien gustuko proiekturik edo erabakirik, eta baliabideak ere mugatuak dira. Politikarioi dagokigu lehenestea eta erabakiak hartzea, inor atzean utzi gabe. Hanka sartuko dugu, seguru, baina atera ere bai. Eskarmentutik ikasi eta aurrera jarraitzeko prest gaude. Gu bihotz eta arimaz saiatuko gara, Azkoitia maite dugulako".

Kargu hartze ekitaldia amaitu ondoren, udalean ordezkaritza izango dute lau alderdietako zerrendaburuei azalpenak eman dizkiete Erlo Telebistari. Honako bideo honetan ikus daitezke Azkoitiaren, EH Bilduko Asier Altunaren, Azkoitia Baiko Jose Joakin Etxanizen eta PSE-EEko Janire Igoaren adierazpenak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide