Udal eta foru hauteskundeak 2023

Botoak zenbatzeko garaia da orain

Andoni Elduaien 2023ko mai. 28a, 20:05
Gaztaneneako hautes mahaiko arduradunak botoak zenbatzen. (Andoni Elduaien)

Itxi berri dituzte Azkoitiko lau bozkalekuetako hamahiru mahaiak. Egun osoan mahaiez arduratu diren kideak botoak zenbatzen ari dira orain. 22:00 ingururako espero dira udal hauteskundeen behin betiko emaitzak, baina botoen zenbaketak aurrera egiten duen bezala, lehen emaitzen berri emango du Maxixatzenek atari honetan.

20:00 jota, itxi berri dituzte herriko lau bozkalekuak, eta orain herritarrek egin duten aukera zein den ezagutzeko ordua da. Hasi berri dira Azkoitiko hamahiru hauteslekuetako mahaikideak azkoitiarrek egun osoan zehar emandako botoak zenbatzen. Gaur, bi kutxatako botoak zenbatu beharko dituzte mahaietako arduradunek: batetik, udal hauteskundeetara begira herritarrek egindako hautua ezagutuko dute, eta bestetik, foru bozetakoa.

14:00etan eman dute hauteskunde eguneko lehen parte hartzea datua, eta ordurako herritarren %36,63k emana zuen botoa. Zenbateko hori 2019ko udal hauteskundeetakoa baino 3,87 puntu txikiagoa da; izan ere, botoa emateko aukera zutenetatik %40,5ek eman zuen botoa duela lau urteko hauteskundeetan. 18:00etan jakinarazi dute eguneko bigarren parte hartze datua, eta ordu horretarako herritarren %50,4k eman du botoa; duela lau urte baino 5,34 puntu gutxiagok eman du botoa gaur ordu horretarako.

Botoa emateko epea amaitu berri, laster ezagutuko dira bai emaitzak eta bai parte hartze datuari dagozkion datuak. Boto zenbaketak aurrera egin ahala jarraitu ahal izango dituzte herritarrek gaurko hauteskundeen emaitzak Maxixatzen.eus-en.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide