Azkoitiko Udalaren aurtengo Araudi Plana izango dute eztabaidagai biharko udalbatzarrean

Andoni Elduaien 2023ko mar. 28a, 12:08
Azkoitiko udaletxea, herriko plazatik. (Andoni Elduaien)

Hamabost puntuko eguneko zerrenda izango dute hizpide biharko udalean ordezkaritza duten lau udal taldeetako ordezkariek. Horien artean, aurtengo urteko Araudi Plana onartzea eztabaidatuko dute.

Azkoitiko Udalak martxoko ohiko udalbatzarra egingo du bihar, asteazkena, udaletxeko bilkura areto nagusian (19:00). Guztira, hamabost puntuko eguneko zerrenda izango dute hizketagai udalean ordezkaritza duten lau udal taldeek.

2023. urteko Azkoitiko Udalaren Araudi Plana izango dute eztabaidagai, baita Urola Industrialdea S.L.-ren kapital handitzearen udalaren harpidetza onartzea ere. Era berean, hainbat izapide kontu onestea izango dute helburu udalbatzarrean. Besteak beste, udal langileen ordainsarien igoera, konpromiso kredituak, Umansoro eremuko finken izaera juridikoaren aldaketa eta Burdinoletan eguneko zentroa egokitzeko bi finkak ondare ondasun izendatzea.

Hona hemen biharko udalbatzarreko gai ordena:

  1. Aurreko bilkurako aktaren onespena, hala badagokio.
  2. Udal langileen 2023ko ordainsarien igoeraren onespena.
  3. Kreditu gehigarri bidez, kredituak aldatzeko Azkoitiko Udaleko 1 zenbakidun espedientearen hasierako onespena.
  4. Urola Industrialdea, S.A.-ren kapital handitzearen Azkoitiko Udalaren harpidetza onartzea.
  5. 2023ko 1. konpromiso kredituaren hasierako onespena.
  6. 2023-2025 diru laguntzen plan estrategikoaren 1. aldaketaren onespena.
  7. Kreditu gehigarri bidez, kredituak aldatzeko Zubiaurre Elkargune Institutuko 1. zenbakidun espedientearen hasierako onespena.
  8. 2023ko Araudi Planaren onespena.
  9. 2023 ekitaldiko Azkoitiko Udaleko lanpostu zerrendaren 1. aldaketaren hasierako onespena.
  10. Udalaren Umansoro eremuko finken izaera juridikoaren aldaketa onartzea.
  11. 2023ko Udal inbentarioa partzialki onartzea, Burdinoleta kaleko 1 eta 2 zenbakian dauden bi finkak ondare ondasun izaerarekin alta emanez.
  12. Azkoitiko Udalaren, Elkargune-Zubiaurre Institutuaren eta San Jose egoitzaren 2022ko aurrekontuen likidazioaren kontu-hartzailetzako txostenen nahiz alkatetza dekretuen berri ematea.
  13. Behin betiko onespenen berri ematea.
  14. Aurrekontuari buruzko informazioa.
  15. Galde-erreguak.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide