Gutuna

San Jose egoitzako otorduen aferaren aurrean, zuzendaritzaren erantzuna

Ane Olaizola 2023ko ots. 24a, 17:07
San jose egoitza.

Azkoitiko San Jose egoitzan egoiliarrei zerbitzatu dieten otorduak eragindako aferaren harira, "erantzukizuna" eskatu du Javier Zubizarreta alkateak, "gaia delikatua delako nolanahi erabiltzeko". Zuzendaritzak, berriz, zabaldu diren argazkiak "testuingurutik kanpo" daudela esan du, gutun bidez. Zuzendaritzak senideei bidalitako gutuna helarazi du udalak.

Oihartzuna izan du Azkoitiko San Jose egoitzan aste honetan egoiliarrei zerbitzatu dieten otordu batek, eta hango "menu kaskarrak" salatu ditu, besteak beste, EH Bilduk. Horren aurrean, Javier Zubizarreta alkateak "erantzukizuna" eskatu du, "gaia delikatua delako nolanahi erabiltzeko". Era berean, Zubizarretak jakinarazi du egoitzako zuzendaritzak gutun bat bidali diela egoiliarren senideei, sortutako aferari erantzuteko asmoz.

Hemen irakur daiteke gutuna, osorik:

"Egun on guztioi,

Sare sozialetan eta Azkoitiko Maxixatzen aldizkarian atera diren albisteei dagokienez, zentrotik jakinarazi nahi dizuegu ateak zabalik daudela eskaintzen den janaria probatzera etorri nahi duten guztientzat.

Aipatu, erabiltzaileekin egunerokoan lantzen den gai bat dela, eta baita ere zentroan dugun erabiltzaile eta senideen batzordean, konkretuki uztailean landutako gai bat izanik.

Zentroan ditugun menuak, erabiltzaile bakoitzaren dieta eta nutrizio-beharrak kontuan hartuta diseinatzen dira. Menu hauek nutrizionista batek gainbegiratu eta ontzat ematen ditu.

Horrez gain, menuak gure erabiltzaile bakoitzaren beharrak eta gustuak kontuan hartuta egokitzen dira.

Zabaldu diren argazkiak testuingurutik kanpo ateratakoak dira, otorduetako menua osotasunean kontuan hartu behar baita. Bazkaltzeko garaian 4 plater daude (2 lehenengo, bigarrengo 1 eta postrea) eta afaltzeko hiru (lehen platera, bigarrena eta postrea). Bigarren plater guztiek osagarri bat ematen dute, eta erabiltzaile bakoitzak momentuan eskatzen du osagarria nahi duen ala ez. Hori dela eta adibidez, gerta daiteke erabiltzaile batek etxeko kroketak osagarririk gabe nahi izatea. Gainera, nahi izanez gero, errepikatzeko aukera ematen zaie.

Ulertzen dugu argitaratutako argazkiek sortu duten kezka, eta horregatik, zentroa irekita dago hala nahi duten pertsona guztiekin hitz egiteko eta gure erabiltzaileen ongizatea hobetzeko egon daitezkeen ekarpen guztiak entzuteko.

Zuen lasaitasunerako erantsita doakizue aste honetako eta datorren asteko menua, egoitzako informazio taulan ikusi dezakezuena.

Hemendik aurrera astero bidaliko dizuegu hurrengo asteko menua. Gaia lantzen jarraituko dugu erabiltzaileen eta senideen parte hartze batzordean.

Mila esker guztiagatik.

San Jose Egoitzako Zuzendaria".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide