San Jose egoitzako "menu kaskarrak" salatu ditu EH Bilduk

Andoni Elduaien 2023ko ots. 23a, 15:22
San Jose egoitzako otordu bateko irudia. (Argazkiak: EH Bildu)

Koalizioak San Jose egoitzako "menu kaskarren salaketa publikoa" egin du ohar bidez. EH Bildurentzat azken egunotan egoitzan jazotakoa "ez da kasu puntual bat". Udal taldeak galderak luzatu ditu udalean eta Aldundian.

Azken egunotan, San Jose egoitzako otorduen zenbait argazki zabaldu dira sare sozialetan, eta Azkoitiko EH Bilduk oharra kaleratu du han jazotakoa salatuz. Koalizioak jakinarazi duenez, San Jose egoitzako zenbait egoiliar eta senide koalizioarekin harremanetan jarri dira, egoitzan izan dituzten "menu kaskarren inguruan salaketa publikoa" egiteko.

Atzo, asteazkena, egin zuten otsaileko ohiko udalbatzarra. Galde-erreguen tartean, oposizioko bi udal taldeek, EH Bilduk eta Azkoitia Bai herri plataformak, EAJk eta PSE-EEk osatzen duten Udal Gobernuari gaiari buruz galdetu zioten. Koalizioak adierazi duenez, Udal Gobernuak gertatutakoa "kasu puntuala" izan dela erantzun zuen, baina EH Bildurentzat egoera "geroz eta kaskarragoa" da egoitzan. "Agerian ari da gelditzen egoitzan dagoen giza baliabideen eta materialaren falta. Bolo-bolo zabaldu den argazkikoa adibide bat besterik ez da".

EH Bilduk ez du uste gertatutakoa "kasu puntual bat" izan denik. "Egoiliarrei galdetuta, aitortu digute sarri gertatzen dela, baita argazki bidez erakutsi ere". Koalizioarentzat "ezinbestekoa" da zaintza duin baten barnean "elikadura osasuntsu bat jasotzea", eta nabarmendu dute hori ezin dela lortu "kalitate kaskarreko elikagai ultra prozesatuekin".

Era berean, EH Bilduk jakinarazi du udalean ez ezik, Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politiketako diputatuari ere luzatu dizkiola gaiaren inguruko galderak.

Koalizioak erredakziora bidalitako otorduen argazkiak dira honako hauek:

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide