Julene Urzelairen bustoaren aurkezpen ekitaldia, bideoan

Urtzi Oteiza - Maialen Etxaniz 2023ko ots. 10a, 16:41

Julene Urzelairen lana eta izana oroituz inauguratu dute haren omenezko bustoa Azkoitian. Urzelairen familia ez ezik, inaugurazio ekitaldian izan dira Iñigo Urkullu lehendakaria, Beatriz Artolazabal sailburua, Eider Mendoza diputatua, Javier Zubizarreta alkatea eta beste hainbat aurpegi ezagun. Azkoitiko hainbat alkate ohi ere izan da ekitaldian, baita Udalbatza osatzen duten lau udal taldeetako ordezkariak ere. Xabier Eguzkitzek gidatu du ekitaldia, eta pare bat bertso ere bota ditu. Mikel Zamacona Julene Urzelairen semeak amaren ibilbide euskalzalea eta politikoa ekarri du gogora. Ekitaldiaren laburpen bideoa da honako hau.

Iragarrita bezala, 09:30 zirenean iritsi da Iñigo Urkullu lehendakaria Azkoitira, eta orduan hasi da Julene Urzelairentzat nahiz haren senideentzat erakundeek antolatutako aitortza ekitaldia, Trenbidearen Zumardian. Hain justu, omenaldian parte hartu dute egun Caracasen bizi den Mikel Zamacona Julene Urzelairen semeak zein haren senideek, Urkullu lehendakariak, Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, Eider Mendoza Aldundiko Gobernantza diputatuak, Javier Zubizarreta Azkoitiko alkateak eta bustoa egin duen Lourdes Umerez artista azkoitiarrak. Dena den, Urzelairen Azkoitiko senideak, Azkoitiko alkate ohiak –Roman Sudupe, Ramon Unanue, Nerea Zubizarreta, Asier Aranbarri eta Urrategi Alberdi– eta egungo Udalbatza osatzen duten lau udal taldeetako ordezkariak ere izan dira ekitaldian.

Javier Zubizarreta alkateak hartu du hitza aurrena, eta Urzelairen izena eta izana "oroimenean gordetzeko" eguna dela adierazi du. Era berean, Emakume Abertzale Batzan egindako ekarpena azpimarratu du, eta Julene Urzelairen erbesteaz ere aritu da.

Mikel Zamacona Julene Urzelairen semeak haren amaren ibilbide euskalzalea eta politikoa ekarri du gogora, eta Euskadirentzat eskuzabaltasuna eta maitasuna zituela nabarmendu du. Gaur egungo Euskal Herriko testuinguru politikoari ere egin dio aipamena, eta adierazi du Urzelaik ezagutu nahiko lukeen bakea iritsi dela Euskal Herrira. 

Iñigo Urkullu lehendakariak Urzelaik utzi zuen legatua nabarmendu du, eta  duintasuna, dotorezia, konpromisoa, itxaropena eta gorrotorik eza hitzak erabili ditu Urzelai zena deskribatzeko. 

Lourdes Umerez artista azkoitiarrak egin du brontzezko bustoa, eta Azkoitiko Trenbidearen Zumardian jarri dute. Senideen eta erakundeetako ordezkarien hitzen ondoren, Euzkitzek bi bertso kantatu ditu. Aitor Sorazu herriko dantzariak, berriz, aurreskua dantzatu du semeak txistu doinuak eskaintzen zituen bitartean. Ekitaldia amaituta, familiako argazkia atera eta herriko plazan dagoen Portaleburu erakusketa aretora zuzendu dira guztiak; izan ere, Emakumeak aberria eginez izeneko erakusketa ireki dute han.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide