Julene Urzelai oroituz inauguratu dute haren omenezko bustoa

Andoni Elduaien 2023ko ots. 10a, 13:00

Lourdes Umerez artista azkoitiarrak egindako brontzezko bustoa inauguratu dute gaur goizean Azkoitiko Trenbidearen Zumardian. Mikel Zamacona Julene Urzelairen semeak eta haren senideek, Iñigo Urkullu lehendakariak, Beatriz Artolazabal sailburuak, Eider Mendoza diputatuak, Javier Zubizarreta alkateak parte hartu dute aitortza ekitaldian. Ekitaldiaren ondoren, Emakumeak aberria eginez erakusketa zabaldu dute Portaleburun.

Inauguratu dute Julene Urzelairen bustoa. Iragarrita bezala, 09:30 zirenean iritsi da Iñigo Urkullu lehendakaria Azkoitira, eta orduan hasi da Urzelairentzat nahiz haren senideentzat erakundeek antolatutako aitortza ekitaldia, Trenbidearen Zumardian. Hain justu, omenaldian parte hartu dute egun Caracasen bizi den Mikel Zamacona Julene Urzelairen semeak zein haren senideek, Urkullu lehendakariak, Beatriz Artolazabal Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak, Eider Mendoza Aldundiko Gobernantza diputatuak, Javier Zubizarreta Azkoitiko alkateak, Javi Buces Aranzadi zientzia elkarteko Memoria Historikoaren lantaldeko buruak eta bustoa egin duen Lourdes Umerez artista azkoitiarrak. Dena den, Urzelairen Azkoitiko senideak, Azkoitiko alkate ohiak –Roman Sudupe, Ramon Unanue, Nerea Zubizarreta, Asier Aranbarri eta Urrategi Alberdi– eta egungo Udalbatza osatzen duten lau udal taldeetako ordezkariak ere izan dira ekitaldian.

Urzelai "mitinlari konkistatzailea" zela esanez hartu du hitza Xabier Euzkitze aurkezleak. "Nortasun handiko hizlaria zen, entzulea xarmatzeko aparteko gaitasuna zuena. Jose Antonio Agirre lehendakariarekin askotan partekatu zuen oholtza, baita Lauaxetarekin, Irujorekin eta bere garaiko beste hainbat pertsona entzutetsurekin ere. Urzelaik, beste hainbat lagunekin batera, sekulako lana egin zuen gure herriaren, hizkuntzaren, herri nortasunaren, gu guztion eskubideen eta askatasunaren alde, baita emakumeen ahalduntzearen alde ere", eman dio hasiera Euzkitzek.

Javier Zubizarreta alkateak hartu du hitza ondoren, eta Urzelairen izena eta izana "oroimenean gordetzeko" eguna dela esan du. "Urzelai zagutu zutenek diote emakume dotorea, edukatua, fina eta hizlari aparta zela. Azkoitiarra zen, Joxe Mari eta Josefaren alaba, zortzi seme-alabetan laugarrena. Nortasuna da, ezeren gainetik, hark zuena. Nortasuna, hitz handietan. Baina zer da nortasuna herri kontzientziarik ezean, ardurarik hartu ezean eta pentsamenduak ekintza bihurtu ezean? Zer da nortasuna konpromisorik ezean?", galdetu du alkateak.

Emakume Abertzale Batzan aurkitu zuen bere tokia azkoitiarrak, eta Zubizarretak azpimarratu du haiek "gogotik" egin zutela lan. "Aitzindariak izan ziren emakumeari politika arloan bidea egiten. Bidegabea litzateke aurrekoen lanaz ahaztea, bidegabea den moduan Julene Urzelairen erbestea aipatu gabe uztea. 1940an iritsi zen Caracasera, aurretik ihesi hainbat tokitatik igaro ostean. Atlantikoaren beste aldetik herrigintzan jarraitu zuen, besteak beste, Radio Euskadiko esatari gisa. Nortasuna eta etengabeko konpromisoa erakutsi zituen erbestean ere".

Mikel Zamacona Julene Urzelairen semeak ere hitz egin du ekitaldian, eta "amatxo" hitza erabiliz zuzendu zaio bere ama zenari. "Amatxo maitea, zure Azkoitia maitean gaude. Urte askoren ondoren, joan zinen leku berean hartu zaituzte. Herritik ihes egiten lagundu zizuten agintariekin nago, EAJko eta Eusko Jaurlaritzako kideekin. Bilbon kalean oinez zindoazen batean, auto bat gelditu zen zure alboan, eta bizitza babestuko zizula esan zizun. Hura izan zen zure erbestearen hasiera". Emakume abertzale bezala, Euskadirentzat eskuzabaltasuna eta maitasuna zituela nabarmendu ditu Zamaconak. "Egin zenuen lan guztia eskertzen ari zaizkizu gaur. Hemen gaude zure bilobekin eta birbilobekin batera, bakean eta askatasunean bizitzea lortu duen Euskadin. Zure beste borroketako bat izan zen euskara, eta zuri esker ikasi nuen euskaraz hitz egiten. Inguruak hala bultzatuta, ordea, galdu dut hitz egiteko lehen nuen erraztasuna. Ez, ordea, euskarari diodan maitasuna". Bere tartea ezaguna den esaldi batekin itxi du hark: "Izan zirelako gara, garelako izango dira". 

Bestalde, Iñigo Urkullu lehendakariak Urzelaik utzi zuen legatua nabarmendu du. "Pertsona bat nolakoa den jakiteko, zenbaitetan ez da beharrezkoa hura aurrez aurre ezagutzea. Hori baino garrantzitsuagoa da utzi duen legatuaren berri izatea. Juleneren izena aipatzen dugunean, aurpegian irudikatzen zaizuen irribarreak erakusten digu gure herriari egin dion ekarpena izugarria eta apartekoa izan dela. Hamaika istorio entzun ditut, baina badira horietako bakoitzean behin eta berriz errepikatzen diren hitzak: duintasuna, dotorezia, konpromisoa, itxaropena eta gorrotorik eza. Ez zaizkit transmititu beharreko balore hoberik bururatzen".

Halaber, Urzelai eta Emakume Abertzale Batzako emakumeak "gure historia" direla nabarmendu du lehendakariak. "Gure parte dira, gure herriaren oinarri eta zutabe sendoak. Aberrigintzan ekarpen itzela egin zuten, eta ezingo diegu inoiz egindako lana behar bezala eskertu. Gure lana da Julene Urzelaik erakutsi zizkigun balioak gure ondorengoei transmititzea eta historian irabazi duen tokia zaintzea. Gure erantzukizuna da orain bere legatua babestea eta zabaltzen laguntzea. Gure aitortza Julene eta bere belaunaldiko emakume guztiei".

Erakusketa, zabalik

Senideen eta erakundeetako ordezkarien hitzen ondoren, Euzkitzek bi bertso kantatu ditu. Aitor Sorazu herriko dantzariak, berriz, aurreskua dantzatu du semeak txistu doinuak eskaintzen zituen bitartean. Ekitaldia amaituta, familiako argazkia atera eta herriko plazan dagoen Portaleburu erakusketa aretora zuzendu dira guztiak; izan ere, han zabaldu dute Emakumeak aberria eginez izeneko erakusketa. Ostiraletan, 18:00etatik 20:00etara bitartean zabalduko dute aretoa, eta asteburuetan, goizez, 12:00etatik 14:00etara, eta arratsaldez, 18:00etatik 20:00etara. Hilaren 26ra bitartean izango da erakusketa bisitatzeko aukera.

Ekitaldiari lotutako ekintzak guztiak amaitu eta herria utzi aurretik, Urkullu lehendakariak Azkoitiko udaletxea bisitatu du Zubizarreta alkateak gonbidatuta. Artolazabalekin, Mendozarekin eta Zamacanorekin batera, alkatearen bulegoan izan da hura, eta udalaren Ohorezko Liburua sinatu du, bertan eskaintza bat utziz.

Erlazionatuak

Julene Urzelairen bustoaren aurkezpen ekitaldia, bideoan

Urtzi Oteiza - Maialen Etxaniz 2023 ots 10 Azkoitia

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide