Burdinoleta kalera lekualdatuko dute eguneko zentroa

Ane Olaizola 2023ko ots. 1a, 11:54

Udalak Burdinoleta kalean erosiko duen lokala. (Azkoitiko Udala)

342,20 metro koadroko bi lokal erosiko ditu udalak kale horretan, 454.874 eurotan. Iaz sinatutako akordioaren arabera, Aldundiak lokalaren erosketaren %65 finantzatuko du, eta erakunde hori arduratuko da gunea egokitzeko kostuez ere. Zerbitzuaren lekualdaketa "azkartzen" saiatuko dela esan du Javier Zubizarreta alkateak.

San Jose egoitzan dagoen eguneko zentroa Burdinoleta kalera lekualdatuko duela iragarri du Azkoitiko Udalak, joan zen uztailean Gipuzkoako Foru Aldundiaren sinatutako akordioa oinarri hartuta. Hori horrela, eguneko zentroko hogei plazak herrigunera mugituko dituzte datozen hilabeteetan.

Burdinoleta kaleko eguneko zentroaren lizitaziora Inmogroup Grupo Inmobiliario y Promoción Urbana S.L. enpresa aurkeztu da, eta esleipen prozesua amaituta, zerbitzua lekualdatzeko bi lokal erosiko ditu udalak kale horretan, 454.874 eurotan (BEZ barne). Hitzarmenean hala zehaztu bezala, Aldundiak lokalaren erosketaren %65 finantzatuko du, eta erakunde hori arduratuko da gunea egokitzeko kostuez ere. Espazioa, berriz, udalarena izango da.

Lokalari dagokionez, 342,20 metro koadro ditu, eta udalak azpimarratu du bete beharreko neurriak dituela espazioak; izan ere, besteak beste, inguruan espazio irekiak ditu, erdigunean dago, eta irisgarritasunari dagokionez, zero kotan dago. Udalak jakinarazi duenez, Aldundiko Gizarte Zerbitzuetako teknikariek azpiegitura hori "bisitatu eta gainbegiratu" dute, eta ontzat jo dute tokia.

Epeei dagokienez, Javier Zubizarreta alkateak azpimarratu du zerbitzu horren lekualdaketa "azkartzen" saiatuko dela, eta Gizarte Politiketako diputatu Maite Peñarekin eta haren sailarekin harremanetan daudela gaineratu du, gune berria "lehenbailehen" egokitu dadin. Peñak iaz esan zuen lekualdaketa aurten gauzatu nahi zuela.

Egoitza birmoldatzeko bidean

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Azkoitiko Udalak iaz jakinarazi zuten 3,6 milioi euro bideratuko dituztela Azkoitiko San Jose egoitza aldundiaren zaintza eredu berrira egokitzeko, eta bi erakundeek akordioa sinatu zuten, egoitza birmolda dezaten. Hitzarmen horren barruan eramango dute herrigunera eguneko zentroa, baina ez da esku-hartze bakarra izango hori. Izan ere, udalak igogailu bat jarriko du San Jose egoitza eta Ugarte pasealekua lotzeko, Unitate Psikogeriatrikoa berrituko dute eta hamabi egoitza plaza sortuko dituzte, besteak beste. Proiektu horiek ere "aurrera" doazela esan du udalak.

Eraikinaren bi aldeak hartuko ditu eguneko zentroak. (Azkoitiko Udala)

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide