Aldundiak eta udalak 3,6 milioi euro bideratuko dituzte San Jose egoitza birmoldatzera eta egokitzera

Elena Basagoitia aldundiko erakunde publikoen zuzendaria, Maite Peña diputatua, Javier Zubizarreta alkatea eta Janire Igoa zinegotzia. (Andoni Elduaien)

Egoitza aldundiaren zaintza eredu berrira egokitzeko, hitzarmena sinatu dute gaur goizean Javier Zubizarreta Azkoitiko alkateak eta Maite Peña Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Ongizateko diputatuak. Egoitza egokitu eta birmoldatuko dute, eta lanak egiteko, lau fase zehaztu dituzte. Hitzarmenean jaso dute, era berean, eguneko zentroa eta apartamentu tutelatuak herrigunera jaistea.

 

 

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Azkoitiko Udalak 3,6 milioi euro bideratuko dituzte Azkoitiko San Jose egoitza aldundiaren zaintza eredu berrira egokitzeko. Maite Peña Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikako diputatuak eta Javier Zubizarreta Azkoitiko alkateak gaur goizean sinatu dute akordioa, egoitza birmoldatu eta egokitu dezaten.

Guztira, lau fasetan banatuko dituzte egoitzako lanak, eta, datozen hiru urteetan, 3.674.000 milioi euro bideratuko dituzte egoitzaren egokitzapen prozesuaren lehen hiru faseak gauzatu ahal izateko. Diru horren %76a aldundiak finantzatuko du, eta gainerako %24a, Azkoitiko Udalak. Aurkezpenean jakinarazi dutenez, lehen hiru faseak aurten jarriko dituzte martxan, eta 2024. urtean amaitu.

Lehen fasean, udalak igogailu bat jarriko du, Santa Kutz gaina –San Jose egoitza– eta Ugarte pasealekua lotzeko. Ugarteigarango igerilekurako sarreran, espaloiaren beste aldean, kokatuko dute igogailua, eta obra horrek 745.000 euroko aurrekontua izango du. Esku-hartze horrekin, "egoitzaren irisgarritasuna eta komunitatearekiko konekxioa hobetu" nahi dituzte bi erakundeek. Aurreikusi dute datorren urtean martxan izango dela igogailua.

Bigarren faseko lanak, berriz, egoitzako Unitate Psikogeriatrikoan gauzatuko dituzte; izan ere, unitate hori "guztiz" berrituko dute. Unitatearen "pertsonalizazioa" dute ardatz erakundeek, eta gune horretan dauden egungo hamalau plazak banakakoak izango dira; unitate horretako gelak banakakoak izango dira eta bakoitzak bainugela propioa izango du. Hala eta guztiz ere, etorkizunean plaza gehiago antolatzeko aukera utziko dutela zehaztu dute. Gune hori egokitzeko lanen aurrekontua 1.866.000 eurokoa da, eta 2024. urterako amaituta izatea aurreikusi dute. 

Egoitzako bi gune, herrira

Proiektuaren hirugarren eta laugarren faseetan, egoitzako eguneko zentroa eta apartamentu tutelatuak herrigunera jaitsiko dituztela jakinarazi dute. Eguneko zentroko hogei plazak herriguneko ekipamendu berri batera mugituko dituzte, eta haren lekualdaketa "epe motzean" gauzatu nahi dutela nabarmendu du Peña diputatuak, hain zuzen 2023. urtea amaitu baino lehen. "Lantzen ari garen eredu berrian, aurreikusten dugu garrantzitsua dela halako ekipamenduak herrian bertan egotea, etxeko arreta indartzeko guneak bihurtuko baitira". Udalarenak izango dira eguneko zentroa eta apartamentu tutelatuak kokatzeko behar diren espazioak, baina aldundiak finantzatuko du eguneko zentroaren lokalaren erosketaren %65a, eta bera arduratuko da hura egokitzeko obren kostuaz. Alkateak ez du zehaztu zein eraikinetan kokatuko duten eguneko zentroa. "Alternatibak badaude, eta horiek begiratuta ditugu. Aldundiko kideak ere etorri dira buruan dugun guneak eguneko zentroa izateko baldintzak betetzen dituzten edo ez ikusteko". Lanketa hori guztia egina du udalak, eta orain baldintza-oinarriak prestatzen ari da, epe ertainean lizitaziora atera ahal izateko.

Apartamentu tutelatuak ere herrigunean integratuko dituztela jakinarazi dute gaurko agerraldian; lekualdaketa horrek "denbora gehiago" beharko duela iragarri du alkateak. "Izan ditugun kontaktuek ez digute emaitzik eman, eta Gizarte Zerbitzuetako eta Ogasun zinegotziak beste herrietako adibideak biltzen ari dira orain". Lehen hiru faseak amaitutakoan, bestalde, zainketa eredu berrira egokitutako hamabi egoitza plaza sortuko dituzte, eta gune horretako gelen %75a gutxienez banakakoa izango da –zortzi edo bederatzi plaza–. Halaber, fase honetan San Jose egoitzako egongela eta jangela gune berria sortzea aurreikusi dituzte egoitzaren lehen eta bigarren solairuetarako.

Bestalde, Janire Igoa Gizarte Politikako zinegotziaren aburuz "norabide egokian" doaz egoitzako kontuak. Igoak, baina, garraio zerbitzu berria martxan jartzear direla jakinarazi du. "Lanean ari gara egoitzako bizilagunei garraio zerbitzu pertsonalizatu bat eskaini ahal izateko. Aurrez ordua hartuta, egoiliarrek nahi duten joan-etorria egin ahalko dute doan. Egokitutako furgoneta bat jarriko zaie eskura, herrira jaitsi nahi dutenean eragozpenik izan ez dezaten", adierazi du Igoak.

Zubizarreta alkatea eta Peña diputatua, hitzarmena sinatzen. (Andoni Elduaien)

"Herriarentzako albiste ona"

Alkateak nabarmendu du "herriarentzat albiste ona" dela gaurkoa. "San Jose egoitzaren bueltan, askotan izan da zeresana herrian. Kritika asko jaso ditugu, Udal Gobernua ezertan ez dela ari esan izan digute. Helburua da egoiliarrak, haien familiak eta inguruko guztiak ahalik eta ondoen egotea. Guk hartu dugun bideak emaitzak eman dizkigu: isiltasuna nahiz otzantasuna, lana, gauzak azaldu behar diren bezala azaldu eta borondate ona. Zarata ateratzea eskubidea da, baina lortu nahi dena konbentzimenduz lortzeko, badago beste bide bat; denbora behar izaten da", azaldu du alkateak.

Peña diputatuarentzat ere "egun garrantzitsua" da gaurkoa. "Azken urteetan egin dugun lanaren ondorioa da gaur aurkeztutakoa. COVID-19a tarteko, urte zailak bizi izan ditugu, baina buru-belarri aritu gara gai hauek hausnartzen, eta irtenbideak zein aurrerapausoak ematen". Gipuzkoako 25 egoitza baino gehiagotan "bizkortu" nahi du aldundiak zaintza ereduaren aldaketa, eta COVID-19aren funtsetatik jasotako aparteko 20 milioi euro bideratuko dituzte horretara.

Azkoitikoa "lehen egoitzetako bat" izango da zaintza ereduaren aldaketa gauzatzen. "Denbora asko daramagu kontu honekin lanean. Helburua da Azkoitiko udalerrian zaintza ekosistemari elkarrekin bultzada ematea, egungo eta etorkizuneko behar berriei erantzun egoki bat emateko". Halaber, diputatuak gogorarazi du ez dela "egiteko bide erraza", eta helburua egoitzetan "aldaketa sistemiko" bat sustatzea dela: "Etorkizuneko egoitzen trantsizioa gauzatzeko norabidea finkatuta daukagu Etorkizuna Eraikiz eta 2020-2030 Agendaren esparruan, eta gure lehentasun nagusia da. Lehen urratsak eman ditugu, lanketa sakona egin dugu egoitza sektorea osatzen duten pertsona guztiekin, besteak beste, erabiltzaileak, senideak, profesionalak, zentroetako arduradunak, patronalak eta sindikatuak. Prozesu zabala kontrastatu eta adostu dugu Liburu Berdearen testuinguruan".

Azkoitiko San Jose egoitza 2015ean sartu zen Kabian; erakunde horren barruan sartu zen lehen udal egoitza izan zen Azkoitikoa. Egun, 54 plaza ditu egoitzak, hamalau unitate psikogeriatrikoan (UPSI) eta hogei eguneko zentroan. Era berean, pertsona autonomoentzat edo I. mendekotasun maila dutenentzako hamabi plaza daude apartamentu tutelatuetan.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide