Xabier Munibe Ikastolaren 50. urteurrenaren harira sortutako margolana, gorputza hartzen

Ihintza Elustondo 2023ko urt. 15a, 15:00
Gorka LarraƱaga, Xabier Munibe Ikastolarako egiten ari den margolanarekin. (Ihintza Elustondo)

Xabier Munibe Ikastolak 50 urte bete zituen 2019an, eta horren harira, ikastolari dohaintzan emateko margolana garatzen ari da Gorka Larrañaga Iranixe artista. Koadroari azken ukituak ematea falta zaio, baina amaitu aurretik, Nostos erakusketan ikusgai jarri du, prozesua herritarrekin partekatzeko.

Xabier Munibe Ikastolak 50 urte bete zituen 2019an, eta urteurren horren harira sortutako proiektu bat oraintxe ari da gorputza hartzen. Hain zuzen ere, ikastolaren gaineko margolan bat gauzatzen ari da Gorka Larrañaga Iranixe artista, eta Portaleburun kokatuta duen Nostos erakusketan jarri du ikusgai. Lanari azken ukituak ematea falta zaio, eta xehetasun horiek amaitzean, Xabier Munibe Ikastolari dohaintzan emango dio koadroa. Datorren astean margolana ikastolan izango dela aurreikusten du margolariak.

Duela hiru urte martxan jarritako proiektua da koadroarena, baina COVID-19aren izurriak atzeratu egin du emaitza ikusi arteko bidea. "2019an, Xabier Munibe Ikastolako guraso elkarteak galdetu zidan ea donazio bat egingo al nuen ikastolarentzako; hortik sortu zen ideia. Gero, pandemia etorri zen, eta ospakizunetako ekitaldi denak bertan behera gelditu ziren. Hori horrela, gelditu egin behar izan nuen proiektua, baina ideia buruan izaten jarraitu nuen". Izurria igarotzean berrartu zuen egitasmoa Larrañagak. "Ikastolara joan nintzen, eta hainbat argazki hartu nituen beren artxibo digitaletik". Argazki horiek baliatu ditu koadroaren ideia garatzeko, eta Nostos erakusketaren testuingurua baliatu lana bukatzeko.

Ia-ia amaituta du margolana Larrañagak; azken pintzelkadak ematea falta zaio. Dena den, bukatu aurretik herriaren aurrean ikusgai jartzea erabaki du, prozesua herritarrekin partekatzeko. "Jende askok galdetzen dit nola egiten ditudan erretratuak, eta nola lan egiten dudan erakutsi nahi izan diet herritarrei koadroa erakusketara ekarrita. Gainera, Xabier Munibeko margolana erakusketarekin oso erlazionatuta dagoela konturatu naiz, bai gai aldetik, baita kontzeptualki ere. Koadroan ageri diren herritar denak azkoitiarrak dira, erakusketako gainontzeko margolanetan ageri direnak bezala". Beraz, koadroak erakusketaren planteamenduarekin bat egiten duenez, Portaleburuko erakusleihoan kokatu du. Gaur itxiko du Nostos erakusketa artistak, eta beraz, margolana bertatik bertara ikusi nahi dutenek gaur izango dute horretarako azken eguna.

Haurtzarora jauzi

Xabier Munibe Ikastola ikus daiteke Larrañagaren koadroan, eta haren atzean, Izarraitz; ikastolako logotipoa delako eman dio halako pisua. Aurrealdean, zazpi haur ageri dira, neurri handian. "Haurrei eman nahi izan diet protagonismoa, haurrak direlako ikastolako protagonistak", esan du artistak. Ume horiek denak ikastolako ikasle izandakoak dira, belaunaldi ezberdinetakoak. Horietako bat barrez ageri da, bestea negarrez, beste bat trakets aurpegiarekin, beste bat garaipena ospatzen... Askotariko emozioak bildu ohi ditu ikastola batek, eta horiek denak islatu nahi izan ditu Larrañagak lanean. Horrez gain, erreferente historikoak ere txertatu ditu koadroan; besteak beste, 1979ko kilometroetako logoa, Korrikako elementuak...

Teknikari dagokionez, ur teknika baliatu du aurrena, eta olio pinturarekin emango dizkio margolanari azken ukituak. "Beste gorputz bat hartuko du olio teknikarekin", esan du.

Larrañaga bera Xabier Munibe Ikastolako ikasle izandakoa da, eta horrek balio erantsia ematen dio margolanari: "Ikastolatik irtendako margolari batek ikastolari buruz egindako margolan bat dohaintzan ematea da proiektuaren helburua", dio. Hark azaldu duenez, oroitzapen pila bat ekarri dizkio gogora lan prozesuak. "Memoria astindu dit, eta emozio pila bat sortu zaizkit prozesuan zehar". Haurtzarora jauzi egiteko balio izan dio margolanak, eta sentipen horiek irudian islatzen saiatu da.

Abenduaren 23an zabaldu zuen Larrañagak Nostos erakusketa, eta bertan, besteak beste, Maxixatzen aldizkariko Erretratua atalerako egindako irudiak daude ikusgai. Gaur, 18:00etatik 20:00etara izango da hura bisitatzeko azken aukera. Artistak azaldu duenez, harrera ona izan du erakusketak: "Oso proiektu azkoitiarra da. Herritarrek ezagutu egiten dituzte irudikatuta dauden pertsonak, eta alde horretatik, entretenigarria da jendearentzat. Jende ugari bertaratu da".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide