Zabalik dago Gorka Larrañagaren 'Nostos' erakusketa, Portaleburun

Anartz Izagirre 2022ko abe. 27a, 21:33

Gorka Larrañaga artistak Nostos izeneko erakusketa zabaldu du Portaleburun, eta bertan, besteak beste, Maxixatzen aldizkariko Erretratua atalerako egindako irudiak ikus daitezke. Urtarrilaren 15a bitartean egongo da zabalik.

Joan zen hilaren 23an zabaldu zuen Gorka Larrañaga Iranixe artistak Nostos izeneko erakusketa, Portaleburu erakusketa aretoan, eta urtarrilaren 15a bitartean egongo dira ikusgai bere lanak. Bertan, besteak beste, hark Maxixatzen aldizkariko Erretratua atalerako egindako irudiak jarri ditu ikusgai. Astelehenetik ostiralera, 18:00etatik 20:00etara zabalduko dute, eta larunbatetan eta igandeetan, 12:00etatik 14:00etara nahiz 18:00etatik 20:00etara artean.

Hona hemen erakusketaren harira Irene Elorza kazetariak idatziriko testua:

Itzulera baten kronika bisuala da honakoa. Herrira, Azkoitira, itzultzeko bidaia baten irudizko narrazioa. Mexikotik jaioterrira bueltatu eta 2018 eta 2022 urteen artean Gorka Larrañagak sortutako marrazkiek, ilustrazioek, eta muralen erreprodukzioek osatutako kontakizuna duzue begien aurrean.

Antzinako greziarrek asmatutako kontzeptua da herrira itzultzearena. Nostos (νόστος). Bidaia luze eta gorabeheratsuak gainditu eta etxera itzultzen zirenak heroitzat hartzen ziren gizarte grekoan. Baina, orduan ere, itzulera ez zen bakarrik fisikoki etxera itzultzea; iristean egoera jakin batzuk atxikitzea eta nortasuna gordetzea ere esan nahi zuen. Bere barruko odisea osatu ondoren, eginkizun horretan dabil sortzaile azkoitiarra; eta, bien bitartean, irudizko kontakizun pertsonal eta kolektiboa osatzen doa etengabeko artisau-lan konprometituari esker.

Baina, itzultzeko, aurretik joan beharra dago, Ulises Troiara bezala. Urrun, denboran edota distantzian. Bereizketa sentitu beharra dago, banantzea antzeman. Greziarrek horretarako hitz bat ere bazuten: nostalgia. Nostos hitzetik dator nostalgia. Galdutako zorion baten oroitzapenak eragindako tristura malenkoniatsua edo aberritik eta lagunartetik kanpo egotearen pena omen da nostalgia. Herrimina. Nola deitzen zioten antzinako Grezian, ordea, herriak mina ematen dizulako bidaia abiatzeari? Ba al dago hitzik Gorka Larrañaga Mexikora eraman zuen sentimendua izendatzeko? Azkoitiartasunak eragindako ezinegonak eraman zuen bidaia abiatzera, aspaldi. Orain, lagun, kale, proiektu, maitale, hiri, kilometro, margolan, etxe-aldaketa, ixipu eta urte batzuk geroago, konplexurik gabe eta sormena partekatzeko bueltatu da herrira, eta bueltatuko dio herriari.

Bere lana, sormena eta estetika propio bat itzultzen ari zaio herriari. Izan ere, marrazteko duen trebetasunaz baliatzen da Gorka Larrañaga komunitateari buruz hitz egiten duen irudikapen bat egiteko. Gizartearentzat balio erantsia sortzen duten lanak egiten dabil, herrikideen duintasunari ekarpen eskuzabala egiteko asmoz. ’Iranixek’ estetika naturalista baliatu du kontinente zaharrera itzultzean bere ingurura egindako begiradak aurkitu duena islatzeko. Orain, herrikideen begiradak osatuko du bidaiaren azken urratsa. Itakan denak heroiak baitira.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide