Ilusioa ekarri dute Errege Magoek Azkoitira eta Elosura

Mireia Galarza Bastida 2023ko urt. 6a, 12:34

Meltxor, Gaspar eta Baltasar Errege Magoak herrian izan ziren atzo, urtarrilak 5. 18:00etan, Elosua auzora iritsi ziren, eta gero, 19:30ean, Azkoitiko herriko kaleak zeharkatu zituzten zaldi gainean. Jendetza bildu zen kalean hiru Errege magoak agurtzeko. 

Etxez etxe opariak banatzen hasi aurretik, Azkoitiko kaleak zaldiz zeharkatu zituzten atzo, osteguna, Meltxor, Gaspar eta Baltasar Errege Magoek. Hiru lagunak Santa Klara komentutik abiatu ziren 19:30ean, eta jendetza izan zuten zain herriko kaleetan. Haiei Ekarriko, ekarriko eginez, herriko txikienek Errege Magoek botatako gozokiak bildu zituzten.

Errege Magoak Balda plazatik eta Plazaberritik igaro ziren lehenik. Herriko plazan egin zuten lehen geldialdia, han Herodesen jauregia bisitatu baitzuten. Hain zuzen, azkenekoz antzeztu zuen Herodesen pertsonaia Alberto Juaristik; 55 aldiz egin du Herodesena herriko Errege Magoen kabalgatan Juaristik. Ohi bezala, Meltxorrek, Gasparrek eta Baltasarrek herritarrak agurtu zituzten jauregiko balkoitik, eta herritarren eskariei baiezkoa eman zieten. Jauregitik atera ostean, Kale Nagusian gora joan ziren hiru erregeak zaldi gainean, eta San Martin nahiz Ibaiondo kaleak gurutzatu ostean, eliz atariko Jaiotzan egin zuten eskaintza hiru Errege Magoek.

Herriguneko kabalgata egin aurretik, ordea, Elosua auzoan ere izan ziren hiru Errege Magoak. Danbor eta tronpeta hotsek lagunduta, ibilgailu baten atoian iritsi ziren auzora Meltxor, Gaspar eta Baltasar. Auzoko frontoian jarri zuten Jaiotzan izan ziren lehenik, eta gero, han bildutako herritarren gutunak jaso zituzten. 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide