Poza eta jendetza nagusi, Errege Magoen kabalgatan

Ane Olaizola 2023ko urt. 5a, 21:21

Azken bi urteetan ez bezala, normaltasunez egin dute desfilea Meltxorrek, Gasparrek eta Baltasarrek herrigunean, eta ohiko giroa berreskuratu du kabalgatak. "Ekarriko" oihuen artean hartu dituzte Errege Magoak haurrek zein helduek, eta jendetza elkartu da kalean.

"Ekarriko" oihuen artean hartu dituzte Errege Magoak gaur iluntzean azkoitiarrek, haiek bihar opariak etxez etxe utzi baino lehen. Azken bi urteetan ez bezala, aurten normaltasunez egin dute desfilea Meltxorrek, Gasparrek eta Baltasarrek, eta ohiko giroa berreskuratu du kabalgatak. Aspaldiko jendetzarik handiena pilatu da kaleetan.

Erregeak Santa Klara komentutik abiatu dira 19:30ean, eta Balda plazako bidea hartu dute lehendabizi. Han dozenaka lagun izan dituzte zain hiru lagunek, eta hortik aurrerako ibilbidea ere herritar ugarik inguratuta egin dute. Plazaberri zeharkatu ostean, plazan egin dute lehen geldialdia. Udaletxean, Herodesen jauregia bisitatu dute, eta herritarrak agurtzeko tartea hartuko dute. Aurten, gainera, Alberto Juaristik azkenekoz antzeztu du Herodes pertsonaia. Handik, San Martin kalera joan dira lehenengo, eta Ibaiondo zeharkatuz Andre Mariaren Jasokundeko parroki elizara zuzendu dira, han Jaiotzari eskaintza egitera. Jendetza elkartu da eliza atarian, eta haurren ilusioak gainezka egin du orduan.

Herrigunean ez ezik, Elosua auzora ere iritsi dira Errege Magoak. Traktore gainean iritsi dira hiru lagunak hara, eta bertan izan dituzte hainbat haur zain. Izan ere, umeek eskutitzak eman dizkiete Meltxorri, Gasparri eta Baltasarri, eta horiek opariak banatu dizkiete neska-mutilei.

Errege Magoak kalera atera aurretik, ordea, haien laguntzaileak eliz atarian egon dira arratsaldean.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide