Azkoitiarren doinuak

Luis Arregi 'Izpisu'-ren euskal kanta gogokoenak

Erredakzioa 2023ko urt. 13a, 09:00
Luis Arregi 'Ispizu'.

Luis Arregi Izpisu Azkoitiko Odol Emaileen Elkarteko kideetako bat da; bera da Azkoitiarren doinuak serieko 22. protagonista, eta bost euskal abesti aukeratu ditu hark, bakoitza arrazoi jakin batengatik.

  • Xalbadorren heriotzean (Xabier Lete): "Betidanik gustatu izan zait abesti hau. Xabierrek sentimenduz betetako ahotsarekin kantatutako abestia da. Uste dut pare parean datorkiola abestiari bere ahotsa".
  • Txoriak txori (Mikel Laboa): "Gaztetatik abesti hau izan da gure ereserkia. Gainera, pandemia garaian ere ia egunero abesten genuen balkoira irteten ginen bakoitzean. Esanahi handia du abestiak, eta betidanik eman izan dit zerbait berezia".
  • Baldorba (Benito Lertxundi): "Gustukoa dut Benitoren kantatzeko era. Abestian kantatzen den harana ikustera ere joan ginen duela urte batzuk, eta zirrara berezia sortu zuen nigan bailara ikusten nuen bitartean autoan Benitoren abestia entzuteak".
  • Mendian gora (Imanol Larzabal): "Kantatzen duen moduan kantatuta, Imanolen abesti asko gustatu izan zaizkit. Bat hautatzekotan, ordea, Amurizaren bertsoekin egindako Mendian gora hautatuko nuke".
  • Bizkaiko txerriari jarriak (Antton Valverde, Julen Lekuona eta Xabier Lete): "Umore aldetik jotzea erabaki dut abesti hau aukeratzerakoan. Antton Valverde beti gustatu izan zait musikari eta letragile bezala. Bertso barregarriak dira Bizkaiko txerriari jarriak".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide