Ia bi milioi bisita izan ditu Maxixatzen.eus-ek 2022an

Erredakzioa 2023ko urt. 3a, 09:28

2022ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean 1.909.862 bisita izan zituen Maxixatzen.eus-ek, Google Analyticsek emandako datuen arabera. Egunean, batez beste, hamar albiste argitaratu ditu Maxixatzenek webgunean, eta atari digitalak 5.232 bisita izan ditu egunero. Aurten ere bisita gehienak eskuko telefonoetatik egin dituzte erabiltzaileek.

2022. urteak askotariko albisteak utzi ditu herrian; batzuk onak, besteak txarrak. Eta horien guztien berri eman du Maxixatzen.eus-ek joan berri den urtean ere. Askotariko albisteak, bideoak, erreportajeak nahiz elkarrizketak ondu ditu Azkoitiko hedabideak 2022an ere, eta hainbat izan dira Komunitatearen bidez ekarpenak egin dituzten herritarrak eta eragileek ere. Guztira, 3.753 albiste argitaratu ziren webgunean iaz, hamar albiste egunean batez beste, eta asko izan dira horiek irakurri dituzten herritarrak –hona hemen iazko hamar albiste irakurrienen zerrenda–.

2022ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean ia bi milioi bisita izan ditu Maxixatzen.eus-ek: zehazki, 1.909.862 bisita. Google Analytics neurgailuak emandako datua da hori. Urtez urte hazten jarraitzen du Maxixatzenen webguneko bisiten kopuruak, eta iazkoa ere ez da salbuespena izan; izan ere, 2021ean baino 103.950 bisita gehiago izan ditu Maxixatzen.eus-ek urtebeteko epean. Datu hori kontuan izanik, egunean, batez beste, 5.232 bisita izan ditu webguneak. Bestalde, aipatzekoa da irakurleek webgunean zabaldutako orri kopurua ere: 2022an, orotara, 4.386.193 orri ireki zituzten horiek, eta egunean, batez beste, 12.016 orri. Gainera, erabiltzaile bakoitzak, batez beste, bi minutu eta hamabi segundo igaro zituen Maxixatzen.eus-era egindako bisita bakoitzean.

Azken urteetako joera berretsi egin da 2022an ere: Interneteko edukiak eskuko telefonotik irakurtzeko ohitura areagotu egin da beste urte batez. Izan ere, erabiltzaileen %71,97k eskuko telefonoa erabaki dute Maxixatzen.eus irakurtzeko. Ordenagailutik bisitarien %24,76 sartu dira webgunera, eta tabletetatik, berriz, %3,27.

Urolako Komunikazio Taldea (UKT) osatzen duten hedabide digitalen datuak izugarriak izan dira 2022an. Taldearen webguneetan albiste ugari argitaratu ziren iaz, eta asko izan dira horiek irakurri dituzten erabiltzaileak. Hain zuzen ere, taldea osatzen duten sei webguneek –Maxixatzen, Uztarria, Baleike, Karkara, Zarauzko Hitza eta Urola Kostako Hitza– 9.174.112 bisita izan zituzten iaz, 2021ean baino 518.784 bisita gehiago.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide