Julen Alberdi 'Txikia IV'.a izendatu dute Urteko Kirolari Onena

Anartz Izagirre 2022ko abe. 24a, 09:43

Urte borobila izan da 2022a Julen Alberdi Txikia IV.arentzat, eta atzo, ostirala, Urteko Kirolari Onenaren saria erdietsi zuen. Udaletxean egin zuten sari banaketa, eta hark lortu zituen boto gehien. Guztira, hamazortzi hautagai zeuden saria irabazteko izendatuta, eta lehia estua egon zen.

Julen Alberdi Txikia IV.a izendatu dute 2022ko Azkoitiko Kirolari Onena. Ez du urte makala egin hark; izan ere, Sherpa.ai Aizkolari Txapelketa Nagusia, Aizkolarien Urrezko Kopa, Urrezko banakako zein binakako aizkora txapelketak eta Gipuzkoako 1. mailako txapelketa irabazi ditu aurten azkoitiarrak. Horrez gain, azpitxapeldun izan da beste hainbat lehiaketatan ere. Horri guztiari balioa eman zioten atzo Urteko Kirolari Onena hautatzeko bozketan parte hartu zuten 18 hautagaiek zein udaleko eta hedabideetako ordezkariek, eta lehia estua izanagatik, zazpi botorekin Txikia IV.a izendatu zuten Azkoitiko Kirolari Onena.

Sonia Vazquez Azkoitiko Udaleko Kultur zinegotziak gidatu zuen saioa, eta hark, banaka-banaka, aurtengo izendapena irabazteko aukera zuten hamazortzi modalitatetako kirolariak aipatu zituen hitzartzean, baita horiek aurten egindako lorpenak ere. Hainbat udal ordezkari izan ziren horiei guztiei garaikurrak ematen. Behin bakoitzak bere garaikurra hartu zuenean, bozketa fasea heldu zen, eta 22 boto izan ziren guztira.

Aitortzari eskerrak

Txikia IV.ak esker hitzak izan zituen bere alde egin zuten herritarrentzat, eta herriko beste kirolarien lana ere goraipatu zuen: "Eskerrik asko balorazioarengatik. Urte ona izan da guretzat, baina herrian beste kirolari handi asko dago, eta jarrai daigun sufritzen eta lanean, zeren lana eginez gero, emaitzak bere kasa etortzen dira".

Javier Zubizarreta alkatearen eskutik jaso zuen garaikurra eta saria Txikia IV.ak, eta hark ere Azkoitiko kirolarien aitortza izan zuen hizpide bere hitzartzean: "Seguru nago kirolak pertsona gisa aberastu egiten zaituztetela. Kirolean beti dago tokia gizatasunerako. Abila izatea ondo dago, baina lidergotza ona aldageletan ere erakusten da. Guztion artean, kirolarioi eta klubei esker, eta atzean dagoen lan eskergari esker, noski, herri hau hobea egiten duzue". Horrez gain, alkateak kirolariei gogoratu zien "herriaren enbaxadore" direla, eta Azkoitiko herriaren izena "ondo goian" emateko eskaria egin zien horiei.

Honako hauek izan dira autengo hamazortzi hautagaiak:

  • Esku pilota: Jon Arregi Arregi
  • Futbola: Ander Arabaolaza Aldazabal
  • Txirrindularitza: Imanol Arizmendi Larrañaga
  • Karatea: Jon Alberdi Arreitunandia
  • Xakea: Lucia Valor Muñoz
  • Mendia: Borja Zubizarreta Uria
  • Atletismoa: Joseba Diaz Lopez
  • Igeriketa: Enara Txurruka, Nora Mateos, Nora Alkorta, Jare Goenaga, Olaia Gaitan eta Nora Arozena
  • Triatloia: Aitor Sotil Maiztegi
  • Ehiza: Gorka Lizarralde Astigarraga
  • Arrantza: Aimar Ansola Etxaniz
  • Tenisa: Jakes Alberdi Guembe
  • Boloak: Santos Muñoz Reina
  • Saskibaloia: Nora Arozena Illarramendi
  • Gimnastika erritmikoa: Nikole Aranbarri Larrañaga eta Nahia Urbizu Altzelai
  • Herri kirolak: Julen Alberdi Txikia IV.a
  • Automobilismoa: Egoitz Lizarralde eta Leire Odriozola
  • Areto-futbola: Urtzi Odriozola Iturbe

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide