Olentzeroren eta Errege Magoen bisita jaso dute Floreaga Ikastetxean

Andoni Elduaien 2022ko abe. 22a, 19:00

Atzo arratsaldean bisitatu zituen Olentzerok Floreaga ikastetxeko ikasleak, eta gaur, berriz, Meltxor, Gaspar eta Baltasar Errege Magoak jaso dituzte neska-mutilek ikastetxean.

Une magikoak bizi izan dituzte atzo eta gaur Floreaga Ikastetxeko haurrek. Atzo, asteazkena, Olentzeroren bisita jaso zuten ikastetxean, eta gaur, osteguna, Meltxor, Gaspar eta Baltasar Errege Magoak hartu dituzte On Bosco aretoan. Nola Olentzerok hala Errege Magoek haurren eskutitzak jaso dituzte bi egunetan, horiek Gabon hauetarako egin dituzten eskaerak aintzat hartzeko asmoz.

Atzo arratsaldean iritsi zen Olentzero ikastetxera, eta hark ikasle txikienak agurtzeko eta horiekin guztiekin egoteko tartea hartu zuen; izan ere, gelaz gela ibili zen ikazkina haurrei gozokiak banatzen. Errege Magoek, Olentzerok atzo egin bezala, gaur goizean bisitatu dute ikastetxea. On Bosco aretoan zain izan dituzte ikastetxeko neska-mutilak, eta horiek kantuan egin diete ongi etorria Meltxorri, Gasparri eta Baltasarri.

Bihar, ostirala, Xabier Munibe Ikastolara egingo dute bisita Olentzerok eta Mari Domingik, eta etzi, zapatua, herriko kaleetan zehar ibiliko dira. 11:00etatik aurrera, Antonio Sudupe Piok gidatutako ibilgailu klasiko batean zeharkatuko dituzte kaleak bi ikazkinek, eta 12:15-12:30 inguruan, eliz atarira egingo dute geldialdi nagusia. Gauean opariak banatzen hasi aurretik, haurrek idatzitako azken eskutitzak jasoko dituzte bi lagunek parrokiaren atarian.

Ikusi hemen Olentzerok Haur Hezkuntzara egindako bisitaren argazkiak.

Ikusi hemen Olentzerok Lehen Hezkuntzara egindako bisitaren argazkiak.

Ikusi hemen Errege Magoek ikastetxera egindako bisitaren argazki guztiak.

Argazkiak: Floreaga ikastetxea

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide