Olentzerok eta Mari Domingik ibilgailu klasiko batean zeharkatuko dituzte kaleak zapatuan

Andoni Elduaien 2022ko abe. 21a, 09:56
Olentzero eta Mari Domingi, eliz atarian.

Antonio Sudupe Piok gidatutako ibilgailu klasiko batean zeharkatuko dituzte aurten bi ikazkinek herriko kaleak, eta hiru gunetan geldialdi laburrak egingo dituzte eskutitzak jasotzeko. 12:15-12:30 inguruan, berriz, eliz atarira iritsiko dira Olentzero eta Mari Domingi, eta han haurrek bi lagunei eskutitzak emateko eta haiekin argazkiak ateratzeko aukera izango dute.

Zapatuan iritsiko dira herrira Olentzero eta Mari Domingi, eta Azkoitiko Udalak jakinarazi duenez, bikoteak aurten ibilgailu klasiko batean zeharkatuko ditu herriko kaleak. Udalak adierazi du Antonio Sudupe Piok prestutasuna erakutsi duela Olentzerori eta Mari Domingiri Azkoitia eta bertako kaleak ibilgailu klasiko batean erakusteko.

11:00etan hasita, ibilgailuan zeharkatuko dituzte herriko kaleak ikazkinek, eta herria ezagutzeaz gain, etxeetan dauden haurrak, gazteak eta helduak agurtzeko tartea hartuko dute ibilgailutik. Gainera, ibilbidean zehar hamar minutu inguruko hiru geldialdi labur egingo dituzte Olentzerok eta Mari Domingik, soilik "herritarren eskutitzak jasotzeko". Hain zuzen, Bizkargi plazan, Xabier Munibe Ikastolako aterpean eta Altzibarko Anaitasuna plazan jaitsiko dira autotik Olentzero eta Mari Domingi.

Honako ibilbidea egingo dute bi ikazkinek: Bizkargi plaza, San Jose egoitza, Auzmendi bidetik Xabier Munibe Ikastolara, Floreaga auzoa, Oteiza pilotalekuak, Altzibar auzoko Anaitasuna plaza, Altzibartik Ibaiondo kalera, Aizkibel liburutegia, Trenbidearen Zumardia kalea, San Martin auzoa, Trenbidearen Zumardiatik Julio Urkixora, Balda plaza, Plazaberri, eta azkenik, eliz ataria. Udalak egin duen aurreikuspenaren arabera, Olentzero eta Mari Domingi 12:15-12:30 inguruan iritsiko dira eliz atarira.

Eliz atarira iritsitakoan, haurrek Olentzerorekin eta Mari Domingirekin aurrez aurre egoteko eta haiekin argazkiak ateratzeko aukera izango dute. Gainera, haurrek beraien eskutitzetan izen-abizenak eta kontakturako telefono zenbaki bat jartzeko aukera izango dute eskutitzetan; izan ere, ikazkinek jasotako eskutitz guztien artean hamar zozketa egingo dituzte, eta horiek guztiek oparia jasoko dute.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide