Azkoitiarren doinuak

Maite Alberdiren euskal kanta gogokoenak

Erredakzioa 2022ko abe. 21a, 09:30
Maite Alberdi abeslaria eta irakaslea da. (Utzitakoa)

Maite Alberdi abeslaria eta Floreaga Ikastetxeko irakaslea da, Azkoitiarren doinuak serieko hemeretzigarren protagonista. Bost euskal abesti aukeratu ditu hark, bakoitza arrazoi jakin batengatik.

  • Bazkalosteko kafea (Mikel Urdangarin): "Betidanik gustatu izan zaizkit instrumental sinpleak eta letra organikoak, batez ere, maitasunari buruzkoak direnean. Abesti honek beste pertsona batekin errutina sinpleena konpartitzearen nahia islatzen du. Gaur egungo norgehiagoka kontuan izanda, zoragarria iruditzen zait".

  • Txoriak txori (Mikel Laboa): "Aspalditik ezagutzen nuen abestia. Dena den, aurreko urtean ikastetxean martxan jarri zen 'Gure herria ezagutuz' programari esker, euskal talde desberdinei buruz gehiago jakiteko aukera izan dugu astean ordu erdiz, eta abesti honen jatorria bereziki gustatu zitzaidan. Izan ere, Joxean Artzek Donostiako Alde Zaharreko taberna batean paperezko ezpainzapi batean idatzi omen zuen poema. Marisol Bastidari —Mikel Laboaren emaztea zena— gustatu egin zitzaion poema, eta Laboak ezpainzapia etxera eraman eta musika jarri zion".

  • Hamen (Neomak): "Zoritxarrez zaila da emakumeek bakarrik osatutako taldeak bilatzea, eta daukagunean zaindu behar den zerbait da nire iritziz. Ikaragarria izan zen aurreneko aldiz zazpi emakume hauek ikustera joan nintzenean sentitu nuena; bereziki, Eneritz Aulestia K-baret musikaleko taldekidea eta laguna izanda. Hunkigarria iruditu zitzaidan guztiek elkarrekin transmititzen zuten indarra eta profesionaltasuna. Hemen gaudela oihukatu amen egiteari uzteko".

  • Ilargia (Ken Zazpi): "Ken Zazpiren lanik ezagunenetarikoa da abesti hau, guztiok mila aldiz entzun duguna. Niretzat, ordea, berezia da; izan ere, jendaurrean abestu nuen lehen abestia izan zen. 9 urte nituela, Alai Batzak antolatutako Kantaldi-Jaialdi batean abestu nuen. Nire lehen saria ere izan zen. Oso oroitzapen onak ditut".

  • Zurekin batera (En Tol Sarmiento): "Guztiontzat garai latza izan den pandemiako abestia da niretzat hau. Aurten izango dira geroztik 'normaltasunean' igaro ahal izango ditugun lehen Gabonak. Hori dela eta, aurtengo Gabon Kantak jaialdian nire ikasleekin abestu dut, eta egia esan, beraiek abesten dutenean oraindik eta politagoa izatea lortzen dute".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide