Zailtasunekin, baina ekinean

Andoni Elduaien 2022ko abe. 17a, 09:00
Txapelketan arituko diren pilotariak, Zumarragan egindako aurkezpenean. (Ados Pilota)

Gaur hasiko da Ados Pilota klubaren bigarren Binakako Txapelketa. Klubak salatu du ETBk ez duela partidarik emango, eta, hortaz, Eusko Labelek ez duela babestuko txapelketa. Egoera "gehiago jasan ezin den puntura" iritsi dela eta, kontua publiko egin du Ados Pilotak. Txapelketan eskualdeko hiru pilotarik parte hartuko dute: Eneritz Arrieta azkoitiarrak, Oihana Orbegozo azpeitiarrak eta Naroa Agirre zestoarrak.

Ados Pilota klubaren Binakako Txapelketa gaur abiatuko da Beran (Nafarroa). Urola Kosta eskualdeak ordezkaritza zabala izango du txapelketan; izan ere, Azkoitiko Eneritz Arrietak, Azpeitiko Oihana Orbegozok eta Zestoako Naroa Agirrek parte hartuko dute lehian. Iaz sortu zuten elkartea emakume pilotariek, eta orduan jokatu zuten klubaren lehendabiziko Binakako Txapelketa —Azkoitian jokatu zuten finala—. Aurten, ordea, orduan izan ez zituzten zailtasunekin egin dute topo bidean; izan ere, ETBk klubari adierazi dio aurten ez dutela telebistaz partidarik eskainiko. Telebistaren ezezkoaren ondorioz, klubak Eusko Labelekin hitzartuta zuen babesletza ere bertan behera gelditu da.

Telebistak txapelketa ez eskaintzea "muturreko handia" izan da elkartearentzat. Hala azaldu du Orbegozok: "Iaz, txapelketa martxan zela jarri ginen harremanetan ETBrekin, eta finala zuzenean ematea onartu zuen. Aurten, txapelketari ekin aurretik, irailean, elkartu ginen lehandabizikoz. Luzaroan egon gara ETBren erabakiaren zain. Espero genuen gutxienez iazko eskaintza bera mantenduko zutela edo zerbait gehiago eskainiko zigutela. Txapelketa hasteko ere telebistaren erabakiaren esperoan egon gara; azkenean, guztia atzeratu zaigu, erantzuna oso berandu etorri delako". Abenduaren hasieran jaso zuten telebista publikoaren erantzuna, lehen bileratik hiru hilabete eskasera. Eusko Labelen babesletza ere "garrantzitsua" zatekeen Ados Pilota klubarentzat, baina telebistaren ezezkoak ere eragin du kontu horretan. "Eusko Labelekin ere bilerak egin genituen, eta hasiera baten, gurekin bat egingo zutela esan ziguten. Dena den, ETBren erantzuna ezezkoa izan da, eta telebistarik ez egoteak Eusko Labelen ezezkoa ekarri du. Halako babesle batek Ados Pilota bezalako klub bati urte guztirako sostengu handia ematen dio".

Hastapenetako urratsak Emakume Master Cup Txapelketaren barruan egin zituzten emakume pilotari guztiek, baina hura utzi eta Ados Pilota kluba sortzea erabaki zuten batzuk. "Emakumeen pilota suspertzen hasi zenean, Emakume Master Cup barruan hasi ginen. Kontuak indar pixka bat hartu zuenean, ikusi genuen diru asko mugitzen zela, baina ez zela iristen behera, pilotariongana; bitartekarien artean galtzen zen. Erakunde publikoak ondo egin nahian ari direnei bizkarra eman diete eta beste batzuen alde jarri dira". Gertatu dena "justifikaezina" eta "lotsagarria" iruditzen zaie pilotariei. "Erakunde publikoetatik hasita, ez zaigu onargarria iruditzen emakumeek emakumeentzat sortutako proiektu bati bizkarra ematea. Gero, Martxoak 8an guztiak morez jantzita aterako dira ahoa bete-bete eginda", adierazi du bere aldetik Arrieta azkoitiarrak.

Gaur-gaurkoz, Ados Pilotak kudeatzen du klubera heltzen den dirua, inolako bitartekaririk gabe. Gainera, elkarteari esker urte osorako kontratua dute klubeko pilotari guztiek. Halaber, Orbegozok adierazi du kluba neskatoentzako pilota eskola bat martxan jartzeko ere sortu zutela. "Emakumeak lehen aldiz pilotan kantxan ikustea boom-a izan zen, baina irudipena dugu egitura teilatutik hasi genuela. Oinarria sortzea garrantzitsua dela iruditzen zitzaigun, eta horregatik sortu genuen haurrentzako eta gaztetxoentzako pilota eskola".

Gaia gizarteratzea helburu

Elkartearen egungo egoera zein den jendartean zabaltzeko, klubak Olatu berdea kanpaina abiatu du. Euskal kulturako zein kiroleko lagun askoren atxikimendua jaso dute egun gutxian. Gaia gizarteratu nahi izan dutela azpimarratu du Arrietak. "Bazter guztietatik ari ginean kolpeak jasotzen, baina gehiago jasan ezin genuen puntura iritsi gara. Askok galdetu digute ea dagoeneko pilotan ez al dugun jokatzen, telebistan ez garela agertzen eta. Leku guztietan entzuten genuen kontu hori; telebistan agertzen zara edo ez duzu pilotan jokatzen", azaldu du azkoitiarrak.

Datuak eskuartean, Arrietak dio 2022an 150 partida baino gehiago jokatu dituztela klubeko pilotari guztien artean. "Telebistan klubeko kideak agertzen ez garenez, jendeak pentsatzen du pantailan agertzen diren emakumeek jokatzen dutela soilik pilotan". Afera "publiko egiteko beharra" sentitu dute klubeko lagunek, eta adierazi dute herritarrak kanpainan ematen ari diren babesa "egundokoa" ari dela izaten. "Mezuak, bideoak eta argazkiak ari gara jasotzen, eta horrek bete egin gaitu. Nahi genuen jendeak gertatzen ari zenaren berri izatea; gero bakoitzak erabakiko du zer egin, baina gutxienez jakin dezatela".

Arrietak dio, gainera, "borroka" ez dutela norbere buruaren mesedetan egiten, "etorkizuneko emakume pilotarien alde" baizik. "Erretiroa hartzeko garaia igaro zaigu dagoeneko guri; datozenengatik ari gara borrokan. Pilota eskolan 30 haur eta gaztetxo daude, eta horien etorkizuna dago jokoan. Ez dakit ezer lortzerik izango dugun, baina horiengatik egingo dugu borroka". Zailtasunen eta traben azterketa aurreragorako utzita, "nola hala aurrera" egitea erabaki dutela nabarmendu nahi izan du hark. 

Gaurtik, martxan

Lehen Mailako eta Promozio Mailako Binakako Txapelketak jokatuko dituzte Ados Pilotako pilotariek. Guztira, zortzi bikote arituko dira datozen hiru hilabeteetan nor baino nor gehiago Lehen Mailakoa txapelketan, eta lau bikote Promozio Mailakoan. Eskualdeko hiru pilotariak Lehen Mailako lehian arituko dira: Irati Zabalarekin osatuko du bikotea Arrietak, Ainhoa Ruiz de Infanterekin Orbegozok eta Goiuri Zabaletarekin Agirrek.

Euskal Herriko herrietako eta hirietako "udal askoren babesa" jaso dutela nabarmendu nahi izan dute bi pilotariek, tartean Azkoitikoarena eta Azpeitikoarena. Hain justu, lotuta dituzte dagoeneko bi herrietan Ados Pilota elkartekoen Binakako Txapelketako partidak. "Aurten, ezingo dugu iazko baldintza berdinetan jokatu txapelketa. Dena den, txapelketarekin aurrera egitea erabaki dugu, batetik, udal askok babesa erakutsi digutelako, eta bestetik, pilotari asko zeudelako izena emanda. Arrazoi horiegatik merezi zuen aurrera egiteak", azaldu du Arrietak. Urtarrilaren 14an Azkoitiko Gurea pilotalekuan jokatuko dituzte txapelketako partidak. Azpeitian, berriz, txapelketaren finalerdietako bat jokatuko dute otsailaren 25ean. Aurten, gainera, Tolosako (Gipuzkoa) inauterietan arituko dira lehendabizikoz emakume pilotariak, final laurdenak jokatuko baitituzte han. Bigarren finalerdia Iruñean izango da otsailaren 26an, eta final nagusia Zumarragan (Gipuzkoa) izango da, martxoaren 5ean, 12:00etan.

"Ilusio handiarekin" ekingo diote pilotari guztiek txapelketari; izan ere, pilotalekuetan "asko" ari dira gozatzen. "Telebistak ikusgarritasuna ematen du, bai, eta bide horretan, babesle garrantzitsu batzuen babesa lortzen da. Txapelketa telebista bidez eskaintzea ona izango zatekeen arren, helburu nagusia da jendea frontoietara erakartzea", dio Orbegozok. Deialdia zabaldu dute jendartean. Klub bat, familia bat, ilusio bera da Ados Pilota klubaren leloa, eta zailtasunak zailtasun, gaur arratsaldean (18:00) inoiz baino batasun handiagoarekin ekingo diote binakako lehiari. Azpeitiko nahiz Iruñeko finalerdiak eta Zumarragako finala Hamaika Telebistaren bitartez jarraitu ahal izango dituzte pilotazaleek.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide