Rodriguez-Mondragon eta Zelaia-Lopez, Eusko Label Binakako Txapelketako txapeldun

Andoni Elduaien 2022ko ots. 28a, 10:12

Bi finaletako pilotariak eta udaleko nahiz Jaurlaritzako ordezkariak, sari banaketa ekitaldian. (Ados Pilota)

Atzo, igandea, jokatu zituzten Eusko Label Binakako Txapelketako finalak Azkoitiko Gurea pilotalekuan. Partida estua jokatu zuten promozio mailako pilotariek, eta aise nabarmendu ziren lehen mailako txapeldunak. Frontoian giro aparta sortu zen finalak zuzenean jarraitzeko.

Atzo, igandea, Ados Pilotak antolatutako Eusko Label Binakako Txapelketako finalak jokatu zituzten Azkoitiko Gurea pilotalekuan. Promozio mailan, Rodriguezek eta Mondragonek jantzi zuten txapela, Santos-Urriza bikoteari 22 eta 16 irabazi ondoren. Lehen mailako finalean, berriz, Zelaiak eta Lopezek 22 eta 11 irabazi zioten Iturriagari eta Egañari.

Guztietan onena Zelaia izan zen, hark hamalau tanto egin baitzituen. Txapeldunek Raul Perez Eusko Jaurlaritzako Elikagaien Kalitate eta Industriako zuzendariaren eskutik jaso zuten txapela. Javier Zubizarreta Azkoitiko alkatea eta Angel Martin Kirol zinegotzia ere sari banaketa ekitaldian izan ziren.

Ados Pilotarentzat "egun handia" izan zen atzokoa, hala adierazi zuen sare sozialetan. Gainera, finalak jokatutakoan pilotarien amei omenaldia egin zieten. Hain zuzen ere, amak ere lehen lerroan jarri nahi izan ditu Ados Pilotak txapelketa honetan. Horrela, pilotari guztiek beren amen abizenarekin jokatu dute txapelketa berria; Eneritz Arrieta azkoitiarra, esaterako, Iturzaeta izenarekin aritu da. Arrieta eta Naroa Agirre txapelketatik kanpo gelditu ziren joan zen otsailaren 13an, final laurdenetako partida galdu ostean. 22 eta 15 galdu zuten Etxekolonearen eta Mujikaren kontra, Iruñean.

Pilotariak eta horien amak, omenaldia egin ondoren. (Ados Pilota)

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide