Mugarritze lanak gauzatzen ari diren lurren jabeekin elkartu da udala

Andoni Elduaien 2022ko abe. 15a, 14:57
Hainbat lur jabe Elkargunean egindako bileran. (Udala)

Lur jabe bakoitzak bere mugak argi izan ditzan eta zalantza edo adostasun eza dagoen kasuetan mugarrien inguruko adostasuna lortzeko asmoz deitu zituen atzo udalak bilerara mugatzen ari diren lursailen jabeak.

Azkoitiko Udala landa lursailak mugatzen ari da herriko 12, 15, 16 eta 17 eremuetako lurzoruetan. Hain justu, atzo, asteazkena, eremu horietako lursailen zenbait jaberekin bilera egin zuen Elkarguneko Herriko Plaza aretoan. Bileraren helburua izan zen lur jabeek mugak argi izatea eta zalantzarik edo adostasun eza dagoen jabeen edo mugakideen lursailetan mugarrien inguruko adostasuna lortzea.

Udalak adierazi duenez, "nahasketak saiheste aldera" egin zuten atzo bilera lurren jabeekin. "Lana ondo egiteko ezinbestekoa da lur jabeen lankidetza". Hori horrela, atzo Elkargunean egindako bileran parte hartu ez zuten herritarrei udaleko Ingurumen Sailarekin harremanetan jartzeko eskatu die erakundeak.

Landa lursaileko 883 hektarea osatzen duten 550 partzela mugatzeko lanak ditu abian herri erakundeak, eta dagoeneko 10 eta 11 poligonoetako mugarritze lanak amaituta ditu. Orain, 12, 15, 16 eta 17 eremuetako lurzoruetan egingo du erakundeak lanketa hori. Proiektuaren helburua da mugen inguruan egon daitezkeen akatsak argitzea, zuzentzea eta mugarriei GPS koordenatuak ematea.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide