Herriko landa lursailak mugatzeko lanekin jarraituko du udalak

Ane Olaizola 2022ko aza. 2a, 16:32

Landa lursaileko 883 hektarea osatzen duten 550 partzela mugatzeko lanak hasita ditu udalak, eta dagoeneko 10 eta 11 poligonoetako mugarritze lanak amaitu ditu. Orain, 12, 15, 16 eta 17 eremuetako lurzoruetan egingo du erakundeak lanketa hori, eta hango jabeekin elkartuko da horretarako.

Joan zen urtean hasitakoren bidean, herriko landa lursailak mugatzeko lanekin jarraituko du Azkoitiko Udalak. Erakundeak jakinarazi duenez, dagoeneko amaitu ditu 10 eta 11 poligonoetako mugarritze lanak, eta orain, 12, 15, 16 eta 17 eremuetako lurzoruetan egingo du lanketa hori. Horretarako, eremu horietako partzelen jabeei gutun bat bidaliko diete, bilera batera deituz, eta han azalduko dizkiete proiektuaren nondik norakoak.

Iaz bezala, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Ekonomia Sustapena, Turismo eta Landa Ingurune Sailaren dirulaguntzarekin gauzatuko ditu udalak lanak, Geograma enpresaren eskutik. "Jabeek edo oinordekoek landa jabetzak ez ezagutzeak edo ahazteak mugak nahasgarriak izatea edota desagertzea dakar askotan. Ondorioz, mendia ez da zaintzen, landa munduarentzat ondorio larriak eraginez", esan du erakundeak. Beraz, proiektuaren helburua da mugen inguruan egon daitezkeen akatsak argitzea, zuzentzea eta mugarriei GPS koordenatuak ematea.

Guztira, landa lursaileko 883 hektarea osatzen duten 550 partzela mugatuko dituzte datozen urteetan. Udalaren esanetan, "proiektu handia" da, eremua "oso zabala" delako, eta lanak behar bezala egiteko, ezinbestekotzat jo du herriko landa eremuetako 184 lur jabeen lankidetza izatea, jabeek mugakideekin adostu beharko dituztelako partzeletako mugarriak. Ondoren, jabeei mugarrien planoak eta mugen koordenatuak emango dizkiete, eta katastroan mugen zuzenketak egingo dizkiete, beharrezkoa balitz.

Hori horrela izanda, udalak dei egin die lur jabeei mugakideekin mugarrien inguruan ados jar daitezen. "Horrela ez bada, ezinezkoa izango da lanketa egitea, eta ezingo da proiektua garatu". Udalak azpimarratu du jabeen parte hartzea borondatezkoa dela eta ez diela gastu ekonomikorik eragingo. "Mugarriak aurkitu eta garbitu beharko dituzte soilik, topografia lanak egiteko", zehaztu du erakundeak.

 

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide