Herri Plana baloratzeko eta osatzeko batzar irekia deitu du udalak biharko

Anartz Izagirre 2022ko aza. 15a, 14:50
Herrilab+700 egitasmoaren barruan joan zen ekainean egin zuten batzarraren irudi bat. (Azkoitiko Udala)

Herri Planaren laugarren zirriborroa aurkeztuko du udalak bihar, asteazkena, saio ireki batean. Landutako proposamena baloratzeko aukera izango dute bihar interesa duten herritar guztiek, 18:00etan, Elkargunean.

Geroz eta gertuago dago Azkoitiko Herri Plana. Izan ere, Herrilab+700 egitasmoaren barruan, Herri Plana "modu partekatuan lantzeko parte-hartze prozesua" landu du udalak joan den maiatzetik azarora bitartean, eta plan horren laugarren zirriborroa aurkeztuko du bihar, asteazkena, batzar ireki batean. Dokumentua aurkezteko eta baloratzeko saioa izango da biharkoa, eta irekia izango da; beraz, edonork izango du joateko aukera. 18:00etan izango da saioa, Elkargunean.

Joan zen urtean Herri Diagnostikoa landu zuen udalak, eta lanketa hura eta beste zenbait iturri hartuta ekin dio aurten Herri Plana osatzeari. Lau lan fase garatu dituzte, eta biharkoa azken txanpa izango da. Udaleko ordezkari politikoek, udaleko teknikariek zein langileek, herriko eragile nahiz elkarteek, eta herritarrek parte hartu dute dokumentua osatzeko prozesuan.

Aurten, beraz, prozesuaren hirugarren fasea izan da, eta udalak Herri Kontseilua osatu du dokumentua baloratzeko eta kontrastatzeko. Kontseilu horretako kideen egitekoa proposatutako ekintzak lehenestea izan da, eta talde horrek aurkezpen bileran eta beste bi saiotan parte hartu du. Guztira, hamabi lagunek osatzen dute Herri Kontseilua, eta horiek ausaz, zozketa bitartez hautatu zituzten.

Aurreko lan saioak taldeka egin ziren. Batetik, udal ordezkariak bildu ziren; bestetik, teknikariak eta langileak, eta azkenik, eragileak eta elkarteak nahiz Herri Kontseilua. Biharko saioa, ordea, parte hartu duten eta parte hartu nahi duten guztiei zuzenduta dago.

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide