Herri Kontseiluan parte hartzera gonbidatzeko gutunak bidali dizkie udalak herritarrei

Ane Olaizola 2022ko ira. 8a, 14:38

Herrilab+700 prozesuaren barruan, Herri Kontseilua osatuko du udalak, Herri Planaren zirriborroari ekarpenak egiteko asmoz. 16 urtetik gorako 21 lagun aukeratuko dituzte ausaz, eta borondatezkoa izango da parte hartzea.

Azkoitiak 2024an 700 urte beteko dituela eta, herritarrei "hitza emateko" asmoz abian den Herrilab+700 parte hartze prozesuan beste urrats bat egin du udalak. Hain zuzen ere, Herri Plana osatzeko bidean, Herri Kontseilua eratuko du erakundeak, eta han parte hartzeko gonbidapen gutunak bidali dizkie ausaz egokitu diren herritarrei.

Udalaren esanetan, martxan den prozesu parte hartzaileak baditu bere "ukitu berritzaileak", zozketa bidez eratuko baitute lantaldea. Erakundeak azaldu du, errolda oinarri hartuta zozketa egin duela 16 urtetik gorako herritarren artean. "Biztanle eta aurreikusitako partaide kopuruaren arabera bidaltzen dira gonbidapen gutunak. Helburua da sexu, adin eta bizitokiaren arabera, profil ezberdinetako herritarren lantaldea osatzea". Guztira, 21 laguneko taldea osatu nahi du udalak, eta parte hartzea borondatezkoa izango da.

Hain zuzen ere, udalak iaz osatu zuen Herri Diagnostikoa elkarteen eta arlo ezberdinetako
eragileen partaidetzarekin, eta hori oinarri hartuta Herri Plana egingo du aurten. Dagoeneko zirriborroa egina dute, eta orain osatuko den Herri Kontseiluaren zeregina izango da zirriborroaren balorazioa eta ekarpenak egitea. Udalaren hitzetan, behin betiko Herri Planak "herria hobetzeko lehenetsitako ekintzak" bilduko ditu.

Guztira, hiru saio egingo ditu Herri Kontseiluak. Aurrenekoa hilaren 26an izango da, eta egitasmoa aurkezteko baliatuko dute tartea. Ondorengo lan saioak urriaren 3an eta 10ean egingo dituzte, eta bertan, Herri Planaren zirriborroaren gainean hausnartu eta proposamen bat adostuko dute.

Metodologiari dagokionez, lasaitasun mezua helarazi nahi izan du Ana Azkoitia zinegotziak: "Udalarentzat ausaz eratutako herritarren lantaldea osatzea esperientzia berria da, orain arte ez delako gurean horrelakorik egin. Lasaitasun mezua bidali nahi diet gonbidapen gutuna jaso duten guztiei, beraien ikuspegia azaldu eta ekarpena egitea soilik eskatzen zaielako. Asmoa da profilak dibertsifikatzea, prozesua heterogeneoa izan dadin".

Maxixatzen da Azkoitiko euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko.


Izan zaitez Maxixatzeneko bazkide